Amumagaz Erribera kaleko kronoeskaladan
Lehen Jose Cruceño zan bizi nintzan kalea, gero, hauteskundeak ailegatu zirenean eta herritarron esku egon zanean izen aldaketea, gure kaleari Erribera izena ipini eutsien. Baten bati Benitoren kantea etorriko jako burura, edo Bilboko merkatua, geuk be Plaza Berdurea daukagu, baina Erriberako Plaza Berdurea esatea gehiegi izango litzateke, ze ziur askok ez dakiela Kale Handiko sarreratik kruzera arte ailegatzen dan kalearen izena: «Erribera, Erribera, zure kaleen estuera, bidegurutze dan hartan mugatzen da…».
Berez zoriontasunera hurreratzen gaituen sasoian, amume Susanari laguntzen neutsan mezatara, alkarri besotik heldute errazago igoten eban aldapa errosariorako. Oraindik be emozionatu egiten naz alabari amuman begikera ikusten deutsadanean: «Etorri zakidaz ona, urten ohe azpitik, ezer ez da pasa eta», badaezpada… beti okerkerietan nenbilen. Aldapa igo ezin ebala, pasiloan ibilten ginan besotik helduta, eta uste dot besotik heltze horrek niri bizitza osoan lagundu deustala jausiz berriro altzatzen: «Zutundu buru hori, bizitzan beti tente!». Denok dogu zapaldu ezin bihurtzen gaituen berezko duintasuna, eta haurtzaroan jasotako maitasunak gure iparra markatzen daualakoan nago.
Urtetan lutoz egon ginan amume joan eta gero, aitaren ahotsa datorkit: «Esaten eustan Abadeaneko Jose Luisen amak: Loreaz zabilz? Ez dozu buelta makala egin, emakume fine eta dotorea». Abadeaneko zapata-denda elizako aldapa hasieran egoana, goiko korredore eta guzti, hantxe erosten genduzan zapatak. «Beheragotik, Alai taberna eskinatik, paret horrei eskuagaz saka egin eta karrerako bizikletiagaz goruntz segidu neban Antiguako elizaraino, esan eustan Bittor gozoki-karrokoak, ziklista afizionatuak izandakoak ziren bera eta anaia. Bizikletaren katea noiz apurtuko pedal kolpe bakoitzean imajinaten nebazan, biak kronoeskaladan ospitale parean… Eutsi gero eh!… Zuek bai ahal dozuela, segi! Ez behatu atzea…!
Ba salida horretan, hantxe paretean hasten dira kaleko tabernak bata bestearen ondoan tokirik ezin eginda, aurreratxuago Gelasio tabernako bankoa egoan, batek baino gehiagok mimoz besarkatutakoa lehen argiagaz errealitatera esnatzeko (txirrindulari hornidura). Alderdi horretako etxeak, Kofradia Zaharreko aurrekoak, kaleko altuenak dira ze Kale Handitik be entradea dabe. Etxe horrei behetik gora behatuz, herriko ikuspegirik onenetakoa dogu: herriko izaeragaz bat, itsasoaren enbaten atseden, arrantzaleen gogoaren indarra eta bakea karenka dogu, «Oohh, oohhh, ooohhh… Zure paret zurietan, zeruertzaren argitan, ondarrutarrek dabe atseden hartzen… (Belarri txarreku launtzarra)».