Anarkosindikalismoari jazarpena. 'La Suiza' kasua.
Jakina da langileentzako onurak ez direla inoiz borrokarik gabe lortu. Badakigu ere, borrokak bere ondorioak dituela. Askok, beraien eskubide edo onurak zerutik jauzten direla uste dute, hauxe izan da azkenengo hamarkadetan sistema burgesak saldu digun ideia. Demokraziak eta giza eskubideek gure ongizatea bermatzen dituztela diote, baina historiako orrialdeak begiratuz gero, argi eta garbi ikus daiteke, eskubide eta onurak bakarrik langile borrokaren bitartez lortu daitezkeela. Demokraziaren eta giza eskubideen diskurtsoa, herria kontrolpean edukitzeko trikimailu bat da. Gure ongizatea bermatzen duela dioen estatua, boteretsuen eta beraien interesen zerbitzura dagoen dominazio sistema bat besterik ez da.
Estatuak ez du disidentziarik onartzen, eta elkarte eta sindikatu iraultzaileak jazarriz, beldurra sortarazten du langileria ez antolatzeko. Beti izan da horrelaxe, errepresioa da sistemak langile mugimenduaren aurka duen erantzuna. Bestalde, anarkosindikalismoari beti tokatu zaio estatuaren errepresioa gainditu eta zapalkuntza eta esplotazioaren aurkako borrokan jarraitzea, hauxe baita sindikalismo iraultzailearen helburua.
2021ean, Gijonen, La Suiza deituriko ostalaritza zentro bateko langileek lan esplotazioa eta sexu jazarpena salatu zituzten. Negozio honen aurka egindako pikete eta ekintzen ondorioz, zigortuak izan ziren CNT sindikatuko kideak. CNT Gijongo sei kideri hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien epaileak, beraien lan eskubideak defendatzearren. Enpresariak bereganako koakziak salatu zituen, eta epailea bere alde azaldu zen. Orain, CNT Gijongo sei kide hauek kartzelara sartzeko arriskuan daude langileon oinarrizko eskubideak defendatzearren.
Errepresioaren aukako armarik onena elkartasuna da, eta horrela adierazi genuen ekainaren 15ean Gijonera hurbildu ginen denok. Sindikalismoa egitea ez da delitua lemapean atera zen manifestazioa.
Beste behin ere, jazarria izan da mugimendu anarkista, 150 urteko historian askotan izan den bezala. Datu bezala, ez dezagun ahaztu sindikatu hau izan zela 1919an Espainian zortzi orduko lanaldia lortu zuena, beste gauza askoren artean. Ez zen izan bozka edo giza eskubideen ipuina patronalaren bihotza samurtu zuena, 44 eguneko greba mugagabea baizik. Orain gure oinarrizko eskubideak galtzen ari gara apurka-apurka, nondik datozen edo nork lortu zituen ulertu gabe, boteretsuek borrokatzen dutenen aurka errepresioa gogortzen duten bitartean.