'Euskararen Eguna, egunero'
Aspaldi luze honetan, osoko bilkurak, edozelako batzarrak, manifestaldiak eta “ospatu” egiten doguz. Gure aurrekoak batzarrak eta egin egiten ebezen. Eta urtebetetzeak, Gabonak-eta ospatu. Gaztelaniaren eragin nabarmen hau agertuta, guk, Lekittoko EH BILDUkook Euskeraren Eguna “egin” egin gendun abenduaren 3an. Ez gendun ezer ospatu, ez daukagu zer ospatu eta!
Ez dogu ukatuko hainbat kontutan aurrera pauso handiak eman dirala, hizkuntzaren ezagutza mailak gorakada ederra izan duela. Ezinbestekoa berau, euskerak bizirik irauteko, baina ez nahiko. Sozioliguistika ikuspegitik derrigorrezkoa da erabilpena. Eta honetan, ostera, egoera kezkagarria bizi dogu, gure herrian be bai. Azkan urteetako erabilpenaren beherazko joerak bere horretan jarraitu ezkero, belaunaldi bi nahiko litzatekez ia-ia desagertuteko, edo azkan hiztunen heriotzak iragarteko.
Egoerak eskatu egiten deuskuz adostasun politiko zabalak, politika ausartak eta aurrerakoiak jorratuteko. Ekimen herritarrei hauspoa emon behar jake eta haintzat hartu. Bata eta bestea osagarri dira, uztartu beharrekoak. Herri erakundeak, ostera, badauke zer eta non hausnartu. Ehunekotan, zenbatekoa da aurrekontuetan euskararen normalizazioari bideratuten jakona? Euskera, zein ataletan dago aurrekontuetan? Inbertzioetan ala gastoetan? Gastoetan! Inbertsiotzat hartuten ez dogun bitartean ez dau izango etenik erabilpenaren beherazko joerak.
Testuinguru honetan, Lekitton, AEK aitatu beharra daukagu. AEK-k,urteetan erakutsi dau bere borondate tinkoa eta eskuzabala helduen euskalduntzean. Beharrerako baldintza eskasetan be prest agertu dira eginkizun horretan jarduteko, baina duintasuna apur bat bada be, inori ezin jako ukatu. Eta Lekittoko AEKren azpiegiturak ez dabe baldintza txikiena be beteten. Sasoia da ganorazko azpiegiturak eskeintzeko AEKri. Hau ezin leike izan gastua, etekin garbiak emongo leukezan inbertsioa baino. Ze tresna hobea, AEK baino, gurera datozan kanpotarrak gureganatuteko euskeraren altxorra eskeinita! Alperrik, baina, halako azpiegiturakaz.
Esandakoak kontutan izanda, euskararen egunean ez gendun ezer ospatu, baina badaukagu zereginik. Lekittoko EH BILDUkook be izan ginan Ikusgarri zineman EIXU! herri ekimenak antolatutako ekitaldi txalogarrian. Eta gomutan daukagu, ez daukagu ahaztuteko, egunero dala euskararen eguna. Bizi gaitezen euskeraz edo gureak egin dau.