Angelita Burgoa, Ibon Iparragirreren ama
Ni, Angelita Burgoa, Ibon Iparragirreren ama naiz. Nire semea Basauriko kartzelan zegoela (2014ko martxoa-apirila) preso sozial batek ukabilkada bat eman zion, eta horren ondorioz Navalcarneroko kartzelara dispertsatu zuten («por una reyerta»). Ibonek salaketa ipini zion preso honi, baina salaketa hau artxibatua izan zen.
Hiru hilabetetara preso sozial honek Ibon salatu zuen, makinaz idatzitako salaketa, alegia (!), Ibonek ozka egin ziola adieraziz, eta Ibonek HIESa daukanez, bera ere beharbada «kutxatu» egin zuela iradokiz.
Gaur epaiketako eguna jarrita zegoen eta salatzailea ez da agertu; fiskalak karguak erretiratu ostean, epaileak Ibon absolbitu egin du. Denok pozik? Ba ez! Ni neu ez behintzat, zeren salaketa faltsu honek kristoren kaltea eragin dio Iboni: bere ondorioz dispertsatua izateaz gain, Castro espetxe zaintza epaileak ustezko «liskar» hau ere aipatu zuen Iboni 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzeko orduan.
Gaurkoan ere, Ibonek berak defendatu behar izan du bere burua, epaileari hitza eskatu eta ea salaketa faltsu bat sartzeak inolako zigorrik ez daukan galdetzean. Zeren Ibonek eta Ibonen familiak nahi duguna gertatutakoa argitzea da: funtzionarioek zirikatuta Ibonek preso sozialen aldetik jasan dituen erasoak ez direla atzoko gauza; alderantziz, kartzelan sartu zutenetik bera akatzeko erabiltzen ari diren estrategia bat dela.
Gaurkoan aukera aproposa galdu dugu hori guztia salatzeko, baina Ibonen kasuan behintzat, ez da berriz gertatuko. Ez gaude gure semea pairatzen ari den sufrikarioa bere horretan uzteko prest, salaketa faltsuak onartzeko prest, medikazioaren inguruan hedabideek ahominean darabilten demagogia onartzeko prest, eta azken finean, injustizia hauek guztiak salatu gabe Ibon kartzelan hiltzen uzteko prest, arduradunak arduradun. Bizitza kendu ahal diote baina erailketa horren arduradunak seinalatzea eta Ibonek azken unera arte mantenduko duen duintasuna ezagutzera eman eta defendatzea denon eskuetan dago.