Ardurazko erabakiak
Han zeuden guztiak. Mahai luze horren inguruan eserita. Bakoitzak bere koadernoa zeukan aurrean, zabalik. Noizbehinka euretariko batek bolaluma hartu eta zerbait idazten zuen, nabarmendu beharreko informazioren bat ote.
Bileran parte hartzen hari ziren gehienek berba hartu zuten noiz edo noiz. Zenbait momentutan gutxi batzuen arteko galdera-erantzunak eta iruzkinak lotzen ziren bata bestearen atzetik, gainerako kideek elkarrizketa entzule gisa jarraitzen zuten bitartean. Une horietako gehienetan lagunen batek gaia desbideratzen zuen denon lanari erlazionaturiko erakunderen baterantz. Aipatzekoa da, erakunde hori ez zegoela mahai horretan ordezkatuta. Eta, nola ez, instituzio horrek egin zitzakeen hamaika akatsak bihurtzen ziren bat-batean hizpide.
Gero, taldekideak gaiaren haria galdu zutela ohartuta, topaketaren xedera bueltatzeko ahaleginak egiten zituzten.
Beste momentu baten, bertaratutako guztiek ezagutzen zuten arduradun esanguratsu bat ekarri zuten gogora. Jarraian, nork edo nork bere burua pertsona honekiko kokatzen saiatu zen, botereak nola usaintzen duen gainerakoak baino hobeto zekitela erakutsi nahian edo.
Harritzekoa zen gaiaren konplexutasunarekin erkatuta zeinen pozik ikusten ziren guztiak batzarrak iraun bitartean. Ardurazko hitz potolo asko entzun ziren, baina nolabaiteko jarrera arina gailentzen zen bulego hartan. Aldi berean, izugarria zen hilero diru mordoa irabazten zuten langile horiek aurrerapausorik eta etekinezko adostasunik ez erdiestea. Eta beste behin ere, guztien zoriona eta plazerra zen nagusi elkar ezagutzeagatik.
Arrazoi dezente erabili ziren argudiatzeko iraganean arazoari irtenbide bat bilatzeko asmoz martxan jarritako egitasmo desberdinak bertan behera geratu zirela. Eta aitzakiok musika aspergarria ziruditen…
Topaketa bukatu ostean bakoitza bere zereginetara bueltatu zen, harro, topaketan parte hartzeagatik. Mugikorretako mezuek ez zuten luzaro itxaron behar izan: bileraren hasieran edo amaieran aipatutako gai pertsonalen baten inguruko galderak, edo hauei lotutako iruzkinen bat, gehienetan. Horiek inplikazio mailaren adierazgarri izango balira bezala.
Agintarien eraginkortasun ezarekin ekingo dute hurrengo batzarra. Errealitatearen irakurketa landu eta zuzen horrek euren inmobilismoa justifikatzen darrai.