A(rmiar)ma
Etxea garbitzen eta txukuntzen igaro dugu goiza amak eta biok. Hautsa kendu, xurgagailua pasatu, komunak garbitu… Nire gelara iritsi naizenean, aramu sare bat ikusi dut atearen goiko aldean, gelako gunerik altuenean. Ez da arraroa izaten etxean horrelakoak aurkitzea, azken finean Urdaibairen bihotzean bizitzeak horixe du.
Ez du beste munduko garrantzirik, baina zin egingo nuke atzo ez zegoela hor. Ohitura dut gauero ohera sartzen naizenean sabai aldera begiratzeko, eta bart ez nuen bertan ezer ikusi.
Ez dakit gaur bereziki nostalgiko jaiki naizen, edo hilabete gutxi barru independizatuko naizela jakiteak sentikor jarri nauen, baina aramu sare horrek pentsarazi egin dit. Saihestezina egin zait armiarma, gelditu gabe, gau osoan lanean irudikatzea.
Atearen beste aldean dagoen ama ekarri dit burura. Armiarmak bezala, bizitza osoa darama ezkutuan lanean, isilpean, inork ikusten ez dituen gauza horiek egiten, gure familia sostengatzen duen sarea eraikitzen, trukean ezer espero gabe.
Inork gutxik dakien arren, armiarmak ezinbestekoak dira ekosistemaren orekarako. Intsektuak harrapatzeko sortzen dituzten sareek lodiera bereko altzairuzko harizpiaren erresistentzia dute. Gure ama ere ezinbestekoa da gure etxean oreka ezartzeko, eta urte guzti hauetan gu babesteko sortu duen sare ikusezina ere altzairua baino erresistenteagoa da.
Goizean, esnatzen naizenerako kafea prest egoten da. Gaixorik, urduri, lo egin ezinik ibili naizen gau bakoitzean, aldamenean izan dut beti. Nire lehen aldiak (kotxea, lana…) bereak balira bezala bizi izan ditu. Frontoietatik pilota emanaldiak bukatu eta goizeko ordu txikietan etxera itzuli naizenean, hortxe egon da beti telefonoaren beste aldean, itzulerako bidaia samurrago egiteko asmoarekin.
Ez dakit zenbat malko lehortuko zizkidan 27 urte hauetan… Baina poz eta ospakizunetan ere, lehen besarkada berea izan da. Asko maite dudan pertsona batek esaten du, noizbehinka, gure tokian jarri behar gaituen norbait izan behar dugula aldamenean. Horretaz, une bakoitzean begiak irekitzeaz ere arduratu da ama.
Beti esan didate amazuloa naizela. Txikia nintzenean haserretu egiten nintzen hori entzutean, baina urteek aurrera egin ahala, harrotasunez esaten dut baietz, banaizela.
Paper zati batean hartu eta aramuak leihotik kanpora botatzen ditut normalean. Aurrerantzean, ordea, bestelako begi batzuekin begiratuko ditut. Batek daki, nire ama bezala, ingurukoei eusten laguntzeko sarea sortzen ari diren.
Neuk ere armiarma izan nahi dut. Ondorengoak babesten lagun dezakeen sarea eraiki; nire amak egin bezala, isilean, ezkutuan, trukean ezer espero gabe.