Arnas dezagun –eta besteak ito daitezen–
Gaur Euskararen Eguna ospatzen dugu. Egun honi ofizialtasuna ematearen asmo nagusia gizartea euskara egunero ahoan izatera bultzatzea da. Horrela, jendeak euskaraz jardutearen bilaketa horretan, ikastetxeek berebiziko garrantzia daukate, gizartearekin batera joan behar baitute.
Ildo horretatik, gaur egungo gizarte anitzean kultura eta hizkuntza askotarikoak ditugu, batez ere Euskal Eskola Publikoan islatuz, «D» ereduan. Izan ere, taldekatzeak heterogeneoak dira aspektu ezberdinei dagokienez, harremanak eta ikaskuntzak esanguratsuak eta aberatsak izanik.
Baina Arnas Dezagun izeneko Guraso Elkartea kezkatuta agertu da eskoletan ematen den euskararen erabilera dela eta. Hauek, ikasleak bi talde diskriminatibotan banatzea proposatzen dute: alde batetik, familia euskalduna daukatenak. Eta bestetik, ama hizkuntza euskara ez dutenak. Modu honetan, suposatzen da euskararen erabilera sustatu nahi dutela, «arnastu», beraiek diotenez.
Dena dela, egitasmo honen eskutik, beraien ama hizkuntza euskara ez den ikasleei ez zaie aukera ematen euskara eta euskaraz ikasteko, ezta euskalduntze prozesuan parte hartzeko. Hori dela eta, beraien familiaren jatorria kontuan izanik, jada determinatuta daude, baztertuta. Halere, hainbat ikasle daude Euskal Eskola Publikoan, beraien ama hizkuntza euskara ez dena baina gai direnak euskaraz hitz egiteko, euskaraz ikasteko eta mintzatzeko momentua eta aukera eskolan bakarrik izanik. Horrenbestez, gizartea euskalduntzearen bide edo prozesu horretan, guztiz kontrakoa lortuko genuke neurri segregazionista hori ezarriko bagenu, beste arrakala larri batzuk eratzeaz aparte.
Benetan, arnasa taldekatze heterogeneo eta anitzak ematen die familia etorkina zein familia euskalduna daukagunoi. Eta alderantziz, familiok ematen diogu arnasa gizarteari. Arnasa ez bakarrik euskara aldetik, baizik eta aspektu ezberdinekin lotuta. Halaber, elkarren artean eta guztiok batera, ziur aberastu egiten garela. Euskaraz gain, aniztasunean, elkartasunean, enpatian eta laguntasunean hezi eta bizi behar dugulako eskolan zein bizitzan. Hori ezin dugu ahaztu. Eta segregazionismo horrekin, baliteke familia euskalduna daukatenek euskararen erabilera aldetik arnastea, baina beraien ama hizkuntza euskara ez den ikasle horiek eta beraien familiak itotzen ditu, hauen gizarteratzeko inklusioan eraginez. Horregatik, gizartean zenbait euskal hiztun gutxiago izatea lortuko genuke.
Ondorioz, galdera batzuk ditut ideia banatzaile horiek dituztenentzat: Euskara ama hizkuntzatzat ez duten ikasleek ez al dute gizartearen euskalduntze prozesuan laguntzeko ezta euskaldunak izateko eskubiderik? Euskara ez dakien horrek euskaraz ikasiz gero, ez al du euskararen sustapenean laguntzen? Eta bestetik, nortzuk gara euskaldunak? Soilik Euskal Herrian jaioak garenok eta familia euskalduna daukagunok? Zentzu honetan, Euskal Eskola Publikoaren asmo nagusia guztiok batera joatea izan behar du, inklusioaren, berdintasunaren eta ekitatearen printzipioetan oinarrituz. Arnas dezagun, bai. Baina guztiok, ondokoari oxigenorik kendu gabe. Euskal Eskola Publikoa denona eta denontzako delako!