Oroitzen zaitudanean ama, sukaldean egoten zara…». Joseba Sarrionaindiari hartutako hitz hauekin bat datozelako, halaxe ikusten bait zaitut ama, lan eta lan, gelditu gabe.
Larre motzean hazitakoak izan zarete bai Aizuritarrak. Gerra eta gerra ondorenak pasatakoak Itziar alde hartan ere. Zenbat aldiz kontatu diguzu zuen aitak eta osabak trenbide ondoan eraiki zutela etxea. Hamabi senideko familia batean, gose galanta pasatakoak. Garai haietan umeak erraz egiten zirela esaten zenuen, gero komeriak guztiei jaten emateko. Denentzako ez, eta senide batengana joan behar, bizi nahi bazen. Halaxe ziren kontuak orduan.
Gazterik lanean hasitakoak, ia ume zinatela. Neskame Ondarroan, Deban, Saturrarango Seminarioan, Mutrikun…. Lana-lana-lana…
Auro Ansorregi
Dena den, gogoko zenuen zuen Gabon egunak gogoratzea. Han elkartzen omen zineten, neskame eta kanpoan lanean zenbiltzaten anai-arrebok. Sekulakoak antolatzen omen zenituzten, beheko etxeko lehengusuekin batera. Nolanahi ere, Gabon pobreak izango ziren, baina zuen artean zenuten maitasunak eta alaitasunak nahigabe guztiak gainditzen zituztela esaten zenuen.
Orduko zuen arteko harremanak jarraitzen du, eta gai izan zarete urteetan guztiok elkartzeko. Zuen hurrengoko belaunaldia, gu, inbiritan, eta bide berari ekin diogu.
Kasta berezikoa izan zara ama. Gazterik alargundu zinen, eta aurrera egin zenion bizitzari. Beti laguntzeko prest, beti eskuzabal, beti ama. Oraindik herritar askok du gogoan paseoan ibiltzen zineten amona taldetxoa, edo azkenaldian Samikollan biltzen zineten kuadrilla.
Baina bizitza alu honek oso zigortu zaitu azkenaldian. Bi urte luzeren ondoren, gaixotasun madarikatu horrek eraman zaitu. Ez zenuen merezi pasa duzun guztia, ez du inork merezi halakorik.
Ama zoragarria izan zara, jakin badakidan arren, askotan merezi izan duzuna baino gutxiagotan erakutsi dizugula. Zure gaixotasuna irakaspen ederra eta gogorra izan da denontzat. Gurekiko izan duzun guztia zuri bueltatzen saiatu gara, ez dakit lortu dugun, ama.
Hartu atseden ama, baten batek merezi badu, zu zara hori eta.