Jende askok erabakitzen du bakarrik bizitzea, baina ez da bakardadean sentitzen. Beste multzo handi batek, familian, taldean bizitzea hautatzen du, eta bakarrik sentitzen dira. Konpainian bizi diren zenbaitzuk diote ez dutela bakarrik bizitzeko balio. Denetik hemen ere.
«Bakardadea XXI. mendeko eritasun handienetakoa da» irakurri nuen egunkari batean. Esaldiak barrua astindu zidan. Harremanak aldatu egin dira, erabat. Etxeko ateak, soka batez edo giltza aldean zutela gogoratzea aurreko mendera jauzi egitea da. Auzokideren bati norberaren etxeko giltza uztea «badaezpada ere» ez omen da hain ohikoa. Non bizi gara? Zeren beldur gara?
Herri txikietako biztanleok plus-a dugula sinisten dut, edo hala izatea nahi dut. Denok ezagutzen gara. Onerako eta txarrerako. Auzokoa aspaldi somatzen ez dugunean adi jartzen gara. Ez dut uste kuxkuxeroak garelako denik, kezka pittina sor diezaguketelako baizik. Norbait bakarrik bizi denean, eta hori adinean aurrera doana bada, zeozer larria gertatzea litzateke-eta okerrena.
Egoitzak eta zahar etxeak ugaritu arren han ere bakarrik sentitzen den jende asko izango da, egun den bezala
Gizaki sozialak gara eta besteen beharra dugu gure burua eraikitzeko, ez gure maitasun eta garapen pertsonaleko beharrak asetzeko bakarrik, baita gure autoestimua sendotu eta berresteko ere. Persona batek maite duen hori galtzen duenean mundua gainera datorkio. Galera ordezkaezina da, baina ez du konponezina izan behar. Bakardadea edo bakarrik bizitzea norberaren aukera denean, primeran, baina ahaztu gabe beste harreman sarea izatea beharrezkoa dela: familia, lankideak, bizilagunak, auzokideak, kuadrilla…
Auro Ansorregi
Gizartea zahartzen ari da. Urte batzuk barru, zaharren kopurua gazteekin alderatuta, askoz handiagoa izango da. Egoitzak eta zahar etxeak ugaritu arren han ere bakarrik sentitzen den jende asko izango da, egun den bezala. Zahartzaroa kontu negatibo bezala ikusita dago, eta bizi garen denok pasa behar dugu prozesu honetatik, beraz, gauzak beste modu batera egin beharko genituzkeelakoan nago. Harreman sozialak landuz, norberaren espazioa eta autonomia galdu gabe, etorkizuna birpentsatzen hasi beharko genukeela uste dut.
Zaintza kolaboratiboa ez da gaurko kontua Europako iparraldean. Nagusientzako etxebizitzak eraikitzeaz gain filosofia eta bizitzeko beste modu bat ere badakar berarekin. Etxe hauetan, elkarrekin sozializatzeaz gain, baliagarri izaten jarraitzeko gaitasuna gal ez dezaten lanean dihardute. Pertsonak elkarrekin bizi daitezke, bakoitzaren intimitatea galdu gabe eta gune intimotik publikorako trantsizioa ere naturalagoa omen da.
Hainbestetan eredutzat dugun Europa alde horretatik, zergatik ez hartu bertako gauza onak eta gureratu? Bizitza errazteko badira, zer hobeto?