Auro Ansorregi Altzibar: 'Dolu egunak'
Jaioak heriotza zor» dio esaera zaharrak. Baina ez dugu hitz egin nahi heriotzaren inguruan. Hitza bera tabua da. Ez dugu ikasi eta beldurra sentitzen dugu. Gure heziketak ezkutuan utzi du heriotza. Heriotza aipatu eta gogoan daukat umemoko ginenean, kuadrillan joaten ginela herrian hiltzen zen edozeinen etxera hildakoak ikustera. Uste dut orduan heriotza gertuagotik bizi zela. Jende gehientsuena etxean hiltzen zen eta etxekoek prestatzen zuten dena; beilatokia etxea zen. Egun, harreman gutxiago dugu heriotzarekin. Ez dugu heriotza etxean ikusi nahi, ez dugu-eta uste, egunen batean guk ere bizitzeari utziko diogula.
Gaurko gizartean eguneroko ogia bilakatu da eta komunikabideak ederki arduratzen dira ahaztu ez gaitezen herioz. Baina gure ondoan sentitzen dugunean ez diogu harrera onik egiten, ileak ere tente jartzen zaizkigu eta barruan sentitzen dugun danbatekoak hitzik gabe uzten gaitu. Uzkurtuta eta noraezean gelditzen gara denbora batez.
Horixe bera sentitu dut Josetxoren heriotzaren berri jakin nuenean. Lankide batek esan zidan gaixo zela eta hurrengo egunean berak baieztatu zidan zoritxarreko berria. Erakutsitako indarrak eta adoreak ni ere kutsatu egin ninduen. Baina bizitzaren sokatiran heriotzak irabazi du beste behin ere.
Gertaera honek atzera egitera eraman nau. Gozo-gozo gogoratu ditut Ederrena zineman emandako orduak eta mezak. Zinezale amorratua eta zirikatzaile aparta zen Josetxo, zenbat ikasteko balio izan didan bera ezagutzea. Gehien-gehien gustatzen zitzaidana filmaren ondorengo berriketaldiak eta eztabaidak ziren. Edozein aitzakia izanda ere, ordu txikitan ateratzen ginen zinematik. Gogoan dut nola ez, filma hasi aurretik jartzen zuen musika, aitortuko dut beste musiketara hurbiltzeko aukera izan zela hura, munduko musikan sartzen lagundu zidala.
Zaletasun ugariko laguna genuen Kaskas, abaniko koloretsua eta zabala zen berea; musika, pintura, zinema, argazkia… eta honetan ere eragina izan zuen nigan. Poeta, artista eta adarjotzaile aparta, txiste kontalari ona (ez beti), saltseroa, umoretsua eta ZINTZOA.
Zure barre algara kutsakorraren falta sumatuko dut, zure begirada pikaroa… Purua eskuan, garagardo apartsua aurrean.
Eskerrik asko Kaskas!