Hileroko kolaborazioa pentsatuta eta prestatuta izan arren, oraingoan ere, beste gai batek hartu dit gaina; irratian entzundako iragarki bat izan da gaurko aitzakia: «jarri X bat Elizaren laukian». Asmatu duzuen bezala, Errenta Aitorpenaz ari zen.
Ez naiz sartuko bakoitzaren erabakietan, non jarri nahi duen eta non ez, baina esaldi labur honek eraman nau pentsatuta eta prestatuta ez neukan Eliza Katolikoaren inguruan gogoeta egitera.
Eta hara non, «Eliza pobrea, denontzat hobea» kantua etorri zaidala burura. Ez da atzo goizekoa, ez, 1966an Julen Lekuona poeta eta apaizak kantatzen zuena, hain zuzen ere. Eta neure buruari horixe galdetu diot: eliza pobrea, bai?
Zeinenak dira herrietako elizak eta ermitak? Auzoetako lursailak eta hilerriak? (…) Asko eta asko herriak berak eraikitakoak. Eliza Katolikoak predikatzen duen pobrezia, apaltasuna eta karitatea lekutan gelditzen dira
Francok gerra ondoren eta Aznarrek gero, asko erraztu zion bizimodua Elizari. Garai honetan, nahikoa zuen elizak ziurtagiri bat egitea bere buruari ondasunak bere izenean jartzeko. Urte batzuk ditugunok gogoan dugu palio azpiko irudi iraingarri hura.
Honakoan, Nafarroatik iritsi zitzaigun lehenengo berria, eta orduan jakin genuen zer zen inmatrikulazioa hitza: erregistratu gabeko ondasun bat, jabetza erregistroan norberaren izenean jartzea. Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 1600 ondasunetik gorako jabetza izendatu edo bereganatu du Eliza Katolikoak.
Isilean eta ezkutuan egin ziren gauzak. Kasualitateak nahi izan zuen guztia jakitea. Nafarroako Joxe Mari Esparza historialaria bere lan batean ari zela, artxiboetara jo ondoren harrotu zuen herbia. Nafarroakoa jakin ondoren errenkadan etorri ziren besteak. Argitaratutako datuak dira guztiak, edozeinek ikusteko modukoak: Gipuzkoan 388 ondasun bereganatu ditu; Araban 72, Bizkaian 65 eta 1087 Nafarroan.
Zeinenak dira herrietako elizak eta ermitak? Auzoetako lursailak eta hilerriak? Abade etxeak, santutegiak, plazak, frontoiak… Asko eta asko herriak berak eraikitakoak, herritarren zerga, limosna, eskulana eta izerdia tarteko.
Eliza Katolikoak, berak, pulpitotik eta komunikabideetan predikatzen duen pobrezia, apaltasuna eta karitatea, lekutan gelditzen dira honako jarrerekin. Hitzak eta ekintzak ez datoz bat, bestela Vaticanora begiratu.
Dena den, Eliza Katolikoaren pribilegio hauek bukatu dira. Hainbat herritako plataforma eta erakunde lanean dihardute kendutakoa berrereskuratu asmoz. Lan zaila nolanahi ere, oztopoak eta eragozpenak bidelagun dituzte eta. Baina ez dute etsitzen, Europara jo behar badute ere, hara joateko prest azaldu dira.