Auro Ansorregi Altzibar: 'Etxauzia'
Irratiak piztu zuen nire arreta. Baigorri herria aipatzea nahikoa nire belarriak erne jartzeko. Baigorrik badu bai, halako xarma berezi bat, erabat irabazten nauena. Ezagutzen duenak jakingo du zertaz ari naizen.
Postaletako herri honek badu beste lekuen artean Etxauzia deitzen den gaztelu bat, ipuinetakoa ematen duena. Aipatu gazteluak badu bere jabea, amerikarra dena eta ahal den azkarren saldu nahi duena. Erosteko aukera berriz, herriko etxeari eskeini dio.
XII. mendeko gaztelua dugu Etxauzia eta baigorritarrek diotenez kanpotik zein barrenetik oso egoera onean dagoena. Herritarrek badute asmo eta helbururik etxe honekiko, historia handiko eraikina izanik, ilusio bizia dute Euskal Herritarrekin partekatzeko. Aukera asko dituen etxea dela diote, itxita eta alferrik galtzen egotea baino nahiago dute esku artean dituzten proiektuak aurrera eraman eta publikoari zabaltzea.
Baina… beti dago bainaren bat eta, nola ez, dirua da behar dena. Hiru milioi euro behar dira gaztelua erosteko. Dirutza handia bai, dudarik gabe. Baina baigorritarrek ez dute etsi eta honako kanpaina jarri dute abian: «Euskaldun bat, euro bat». Kalkulua erraza da, hiru milioi euskaldun bider euro bana, hor dugu Etxauzia erosteko lain (informazio zabalagoa nahi duenak bere web orrialdean sartzea besterik ez du).
Sosak biltzeko modu honek urte batzuk atzera eraman nau, non, iparraldeko zenbait ikastola eraikitzeko, adreiluak erosten genituen eta hala burutu izan ziren hainbat proiektu.
Kontuak ateratzeko orduan kanpoko jendea ere izan dute gogoan, Euskal diasporakoa bereziki. Ilusioz gainezka daude baigorritarrak, eta proiektua egingarria dela diote behin eta berriz. Bestalde, ene uste apalean, iparraldea-hegoaldea hurbiltzeko aukera aparta izan daiteke, ala? Inguru haietako herrixkak jendez husten doazen heinean kanpotar dirudunak ari dira lur eta etxeez jabetzen, herrietako historia eta ondarea desagertuz doazen une berean.
Gure herri honek badu kemena eta indarra laguntzeko eta uste dut oraingoan ere ez dugula hutsik egingo. Aitzakia aproposa bestalde, inguru haiek ezagutzeko eta gozatzeko.
Eta modu gozoan bukatzeko, Baigorrin bada txokolategi txiki bat non, artisau erara egiten doituzten txokolatea eta bonboiak. Orain arte dastatu ditudan onenak bertakoak izan dira. Zuberotar gazte batek egiteaz gain, nahi adina azalpen emateko prest da beti. Merezi du bertaratzea (eta ez dut komisiorik jasotzen).