Lana izateak eta ez izateak lan ematen digu. Aste Santua zein uda garaiak aproposak izaten dira lanean dihardutenen zenbakiak zabaltzeko. Era berean, politikoek zein enpresaburuek oso modu baikorrean aztertzeko joera dute.
«Bi urtean 22.000 enplegu sortuko dira Autonomi Erkidegoan!». Blaust! bota eta lasai gelditzen dira asko. Ingurura begiratu eta negar egiteko gogoa besterik ez dugu sentitzen ikusita zein kalitate gutxiko kontratuak izaten diren: ordu luzeak, soldata laburrak, ordu estrak… Eta askoren ustez, eskerrak eman behar lana ematen dutelako.
«Gure industria kanpoko inbertsioak erakartzeko gai izan behar da». Hala etorri izan dira multinazional indartsuak, dena eder eta zoragarria zenak, gaur ez du balio. Kanpoan ekoiztea merkeago delako, lotsarik gabe alde egiten dute, diru publikotik laguntzak eta onura fiskalak jaso ondoren, hauetako baten batek jaso al du isunik edo zigorrik?
Aste honetan ere, egoera larrian edo ixteko zorian diren lantegien berri jakin da, lantegi ertainak, kooperatibak… Non dago Jaurlaritzaren industria politika?

Hitzarmen kolektiboen aferak ez du bukaerarik. Beti da sektoreren bat horren eske. Administrazioak, alde hitz egiten du, baina presionatzen al du enpresaritza hori gauza dadin? Bitartean, Espainiako soldatek hartzen dute indarra, gure erkidegoan beste inon baino gehiago irabazten dela zabaltzen da behin eta berriz, nik neuk nire zalantzak ditut, agian, garai batean izango zen, baina gaur… Esparru pribatuan eskatzen duen hori zergatik ez du gauzatzen Administrazioak, berak, bere esparruan, publikoan?
Krisiaren eraginez lan erritmoak eta arriskuak handitu egin dira. Dagoeneko 34 langile hil dira lan istripuetan. Administrazioak egiten al ditu behar beste ikuskaritza lantokietan? Prebentzio lanik egiten al da? Zerk egiten du huts?
Prekarietateak emakume aurpegia duela diote behin eta berriz, baina ez da askorik egiten egoera aldatzeko. Bizkaiko zahar egoitzetako langileen borroka adibidetzat, hauen eskaerak neurriz kanpokoak al dira bada?
Diru Sarreren Berme Errenta edo RGI-tik jasotako 650 eurorekin bizitzea ez dela zaila dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailburu Beatriz Artolazabalek, berak badakiela ematen du, gu, berriz, ikasteko prest.
Neure buruarekiko bakarrizketa honek izugarrizko buruko mina eragin dit, hobe bai, jaietan eta gauza atseginagoetan pentsatzea.