Auro Ansorregi: Auzolana
Auzolana: Komunitate bateko kideen arteko elkarlana. Auzolana: Komunitate horren alde eta musutruk edo doan egiten den lana. Aintzinakoa da lan egiteko modu hau. Denok dugu gogoan gure arbasoak nola biltzen ziren herriko, auzoko eta hainbat kasutan etxeetako lanak egiteko. Edo agian ez dago hain atzera joan beharrik.
Leku askotan auzolana gainbehera joan edo desagertu bada ere, gizartea aldatzen joan den heinean auzolan moduak ere beste itxura hartu izan du. Zenbait kulturetan bizi-bizirik irauten duen ohitura ere bada. Batez ere herri txikietan eta nekazal giroko lekuetan eman bada ere ziur naiz beste arlotan ere izan dela antzeko ekimenik.
Egungo egoera ekonomikoan, krisiak gordin jo gaituen une honetan, zenbait herrirentzat ezinbesteko baliabidea bilakatu da auzolana herriko azpiegiturak konpondu eta berritzeko. Eta pentsatzen hasita, nago, lan egiteko modu honek herritarren zein auzotarren arteko kohesioa lantzeko eta batasuna lortzeko balio dezakeela. Komunitate bereko partaide izateak eskubide zein betebehar berberak dituelako berekin.
Baina elkarlanaren modu desberdinak ere ezagutzen ditugu gure herrian, agian ez dira konponketa lanak egiteko baina bai kultur giroa berpiztu eta sustatzeko. Euskal Herrian oso bizirik ditugu herri mugimenduak, adibiderik argienak, jai herrikoiak, auzo elkarteak, gaztetxeak… auzolanean antolatzen baitira; San Jeronimo jaiak, Samikollakoak, Santa Eskea… Dantza taldea, aisia taldea, antzerki taldeak, euskara taldea… Zerrenda luzea izanik ere, talde hauen inguruan, urte luzez eta musutruk diharduten herritarrak asko dira, baina nabari dute batzuk nekea, eta erreleborik bai? Hala eta guztiz ere, Mutrikuk badu zertan egon harro, eta adibiderik hurbilena San Pedro bezperan moilan egindako jai zoragarria da.
Gure herrian garai batean ere ematen ziren honelako moduak eta ez da denbora asko Kalaputxi (Mutrikuko herri aldizkaria) bidez jakin genuela Xiri Gunea konpontzeko eta txukuntzeko lan mota hau aukeratu dutela eta lagun talde bat bildu dela hainbeste maite dugun gunea bergaitzeko. Eta gune honetaz gain Mutrikuk baditu beste hainbeste leku zoragarri konpontzea merezi dutenak.
Eta zergatik ez auzolanean?