Auro Ansorregi: Erosi, erosi...
Gure aitona-amonek bezala erosten dugu? Galdera inozo honen erantzuna jakina da: ez. Gure aitona-amonen bizitzeko moduak gurearekin antzik ez duen bezala erosteko eta kontsumitzekoek ezta ere. Bizitzeko erak 360 gradutako aldaketa eman du. Egun, joerek eta modak pisu handia dute kontsumitzeko orduan. Eta zein dago modatik at, edo bestela esanda, nor ez dago modaren zurrunbiloan sartuta?
Ez dugu berdin erosten. Ez da oso-oso atzera jo behar gogoratzeko zenbat denda eta zerbitzu zeuden orduan herrian. Denda txikiak, zaharrak batzuk, eta denetik saltzen zutenak. Erakusmahai atzean ere, egun jubilatuta daudenak baino pertsona zaharragoak ziharduten lanean.
Dirua zuenak zintzo ordaintzen zuen eta ezinean zebilenak berriz, palo-palo jartzeko eskatu eta aurrera. Partila edo soldata kobratutakoan ordaintzen zena. Egun zerbitzu asko galdu dira, denda asko itxi dira. Gurasoengandik seme-alabetara pasa diren gutxik jarraitzen dute. Zerbitzu eta denda berriak ireki eta gutxira itxi egin dira.
Erosteko moduak aldatu egin dira, bizitzeko modua aldatu den bezala. Kontsumo ohiturek zentro erraldoietara eraman ditu herritarrak. Egun-pasako larunbatak ia ohikoak dira, herriak hilerri bilakatuz. Kontsumitzeko modu berrietan Internetek pisu handia hartu du. Etxetik mugitu gabe erosten du bezeroak aurrez dendetan ikusitakoa eta probatutakoa. Markako denda hauek ere soberan egongo dira berandu baino lehen. Merkatalgune handien boom-a ere pasatako kontua omen da Europa aldean, baina hemen ez dugu nabaritu. Eta gertatzen bada beranduegi izango da, ordurako denda txiki asko itxita izango direlako.
Hiriburu eta herri handietako hainbat denda esanguratsu eta aintzinakoak itxi egin dira, kalitatea eta zerbitzu pertsonala ez daude modan. Ez dira garai onak negozioetarako. Autonomoen prekarietateak ez ditu gazteak erakartzen. Internet bidez egiten diren erosketen kopurua bikoiztu egin da eskeintzen dituzten abantailak gero eta erakargarriagoak direlako. Bitartekoek ere izan dute eragina, ordanagailu bidez zirenak egun sakeleko telefono eta tablet bidez egin daitezke. Kontsumoa eta aurrerapenak eskutik doaz.