Badaezpadako alu hori!
Nik barneratuta daukadan hizkuntzan badaezpadakoa izatea persona txarra izatea da, badaezpada be… esatetik badaezpadakoa zara! entzutea sekulako saltoa da. Horrelakoekin ezin zara fidatu, ze uste ez dozula, edo gutxien uste dozunean minduko zaitu, txo, badaezpako ostixioi! Berba horreek betiko haserrea ekarri leikie. Kuriosoena berbea bera da, bada edo ez da? Ez dago jakiterik, zalantza itxurarekin agertzen jaku berbea, galdera bati beste bategaz erantzuten deutsaugunean lez, badaezpakoarekin ezin zara fidatu; bada, ez da zuretzat, eta ez bada, bai beste batentzat; ez dauka ezer onik, baina gizonak!… Kristiñauk garen aldetik! Ez! Puta semea da, eta listo! Zeu be zeozer ba zara ba… besteekin hain gogorra izateko!
Ziur bakerik emoten ez deutsuena eta egiten dabezanak barkatzeko estra bat behar dauana zeuon artean dozuela, eta igual… zu zeu zeozeinek badaezpadakotzat zaitu, edo inoiz errekonozitu dozu pixkat badaezpadakoa be bazarela, baina gauza handirik ez… Txo, nora arte zoaz, txo! Apartegi noa?
Hartu-emonak ez dira inoiz errazak eta interesak dagozanean gutxiago, barkatzen jakin behar da… esku zabala izaten. Mina emon deutsunari barkatu, ez estutu, eta min emon badozu barkamena eskatu, ordaindu zorra. Zoritxarrez, ezinegonak ez dau bakerik. Baina… ez da bainarik… zeuri egin baeutsun neuri egin eustana, holan ez zenduan berba egingo… Ikusten dodan bakoitzean… larri bat deutsat, parean be ezin dot ikusi!
Etxean entzuna dot herriko abadea egoanik eta gizonik onena zala, ezin hobea baina fallo bat eukala: politika, eta gerra denboran nazionalen alde jo ebala.
Horregatik herriko gizonak gerran egoazenean bera eliztarrekin errukitu beharrean mintzen ebazala: «Ez, ez egon zain alperrik, ez dira bueltauko ta!». Eta holako komentarioek mezatan sekulako negar uxuak sortzen ebezan gudarien familiakoen artean. Gerra pasa zan, eta abadea beste herri batera destinau eben, baina handik urtetara be, herriko ezagun bategaz topo egitean ez eban inolako agurrik jasoten. Orduan abadea lur jota geratzen zan, inoiz ez eutsen barkatu emondako mina, ezinezkoa jaken. Gutako onena be, pertsonarik krudelena bihurtu leiteke lagun hurkoak sufritzen dauanagaz enpatiarik ez badogu.
Badaezpadakoagaz atezo lagun, ze uste gutxien dozunean demostrauko deutsuzein dan! Denbora arin pasaten da, eta ez gara konturatzen ez dagoala buelta egiterik: hamar, hogei, hogeitamar urte edo gehiago… atzera behatuz bada zeozer, bizitza guztian bardin… alkar joka eta zertarako? Besterik barik alkar mintzeko, zuk esan be!