Badatoz hauteskundeak
Herriko plazatik igarotzean, erakusleiho batean tipo baten argazkia aurkitu dut, ezaguna egiten zait, bete betean begiratzen nau begietara: –Eman zure botoa! –. Tio Sam amerikarra dakart burura, edo hobeto esanda, urte batzuk geroago PNVk hau kopiatuz aterako zuen bertsio kutreagoa: «Euzkadik behar zaitu». Bakarrik eskuarekin seinalatzea falta zaio.
Badatoz udal hauteskundeak berriz. Goizean bozkatu, poteotxoa egin eta etxera. Lau urtetik behin metakrilatozko kaxa batera papertxo bat bota eta lanak eginda, zein polita den gure etorkizuna eraikitzen parte hartzea. Ea oraingoan hobekuntzak datozen… Alderdi bakoitzak bere kolorea dauka gu ez konfunditzeko, eta iluntzean telebistako aurkezleek gazta formako grafiketan emango dizkigute eguneko bozketaren emaitzak, kolore ta guzti, tontoak bagina bezala.
Hobekuntzak eta aldaketak lortzeko modu bakarra hauxe dela azaldu digute, zerbaitekin ez baldin bagaude ados eta aldatu nahi badugu, bozkatzera joateko aukera dugula baina, tamalez, esaldi zahar honek dioen bezala; «bozkatzeak zerbaitetarako balioko balu ilegala izango litzateke». Historiak erakutsi digu langileontzako onurak edo eskubideak inoiz ez direla bozkaren bitartez lortu, beti borrokatu dira kalean eta instituzioetatik kanpoko organizazioetan. Politikari eta alderdi politikoak ilusio saltzaileak dira, asko eskaini eta gero inoiz ezer aldatzen ez dutenak. Hauxe da sistemaren tranpa bikaina, gure etorkizuna politikarien esku uzten erakutsi digute, horri deitzen diote askatasuna eta halaxe heldu gara gaur eguneko egoera prekariora, dirudun eta kapitalista handien interesak defendatzen dituzten politikariei bozkatuz eta jokoa eginez. Produkzioko pieza hutsak gara, erabaki garrantzitsuetatik eta politikatik baztertuta, lanpetuta, okupatuta, gure etorkizun edo bizitzaren inguruan erabakitzeko denbora, aukera eta energiarik gabe.
Herri edo komunitate batean dauden arazo, behar izan edo proiektu ezberdinetan parte hartzera ohitu behar gara, ez lau urtean behin delegatzera. Bizitza berreskuratu beharra daukagu, eraldaketa edo gizarte justu baten aldeko borroka gugandik hasiko da, ez politikariengandik. Miseriara eta ezegonkortasunera kondenatzen gaituen sistema legitimatzeari utzi behar diogu eta instituzioetatik harago eraikitzen hasi.
Ricardo Mellak zioen bezala, kultura, askatasuna, justizia eta berdintasuna nahi baldin baditugu, konkistatu egin behar ditugu, ezin dugu espero inork hauek guri ematea, are gutxiago eskaparateko tipoak.