Baserritarrak eta azokak
Lehen sektorearen sustapenaz egiten dugu berba. Ahoa betetzen zaigu iraunkortasuna, lurraren babesa, oreka, elikagai osasuntsuak eta tokian tokikoak, gure ortuetakoa, baserriaren iraupena… bezalako hitz potoloz baina, era berean, gure hozkailuak eta apalak kanpotik ekarritako jeneroz, aurrezprestatutakoz… betetzen ditugu. Komertzializazio bide berriak sortu dira; bai, bestelako ekoizleak ere bai. Lehenago, baserritarrek herrira, plazara eramaten zituzten euren produktuak, eta jendearentzat horixe izaten zen produktu freskoa erosteko modu bakarra. Egun, plaza eta azoken ondoan, supermerkatu handiak dauzkagu, eta edonoiz izan genezake eskura edozer (piper berdeak abenduan), sasoia izan ez arren.
Gure aitxitxa-amumek sasoian sasoikoa jaten zuten, osasuntsua. Etxeko jatekoa esaten genion guk; izan ere, etxean hartzen zenarekin egiten zen, geldi-geldi txapan egindako indabak, arto-zopa, gatzatua… prestatzen zuten. Orain, betiko plater haiek, eguneroko jatordukoak, sukaldari izendunek goi mailako plater, delicatessen bihurtu dituzte, eta, azalpenetan bertoko eta sasoiko produktua goraipatu arren, produktuak zein ekoizleak beste maila batean geratzen dira; plater dotorea eta egilea ikusten ditugu, irudi hori geratzen zaigu.
Lehen sektorea ezinbesteko jarduera da, arlo ekonomiko, sozial eta ingurumenari dagokionez, eta, beraz, baserritarrari eta produktuari merezi duten balioa eman behar diegu.
Baserritarrek jarraitzen dute jeneroa azoketara eramaten; dena dela, askorentzat, azokak turismoa erakarri eta jai egun bihurtu dira; batez ere, azoka nagusiak, datorren urriaren 30ean Gernikako Urriko Azken Astelehenekoa, esaterako. Baina hori baino gehiago dira, nekazarien ekoizpenaren erakusleiho eta saltoki dira. Guk horiexetan dugu bertoko produktuak ikusi, erosi eta dastatzeko aukera paregabea lehen sektorea susta dadin. Lehen sektorea ezinbesteko jarduera da, arlo ekonomiko, sozial eta ingurumenari dagokionez, eta, beraz, baserritarrari eta produktuari merezi duten balioa eman behar diegu.
Zoritxarrez, ustiategi txikiek batik bat, ez dute erraz bizirauten, legeak, belaunaldi errelebo eza, pizgarri eza, izurriteak, klima krisia, lehengaien prezio altuak edo lursailak eskuratzeko zailtasunak direla eta, besteak beste. Hala ere, aurrera ateratzen ahalegintzen dira.
Horregatik, ahal dugun neurrian bultzatu behar dugu eta bertokoa kontsumitu. Horixe da gure altxorrik handiena.