Bizitza askoz gehiago izan daiteke
Bizitza horrela izan behar da. Badirudi ez dagoela beste aukerarik, sistema kapitalista ei da gizartea antolatzeko modurik onena. Gaur egun ezinezkoa egiten zaigu beste bizi mota bat imajinatzea.
Batzuek asko, beste batzuek gutxi, ziurgabetasuna, depresioa, lanordu amaitezinak, buruzagiaren erabakien menpe bizitzea… Normalak dira ala normalizatu egiten ditugu praktika hauek? Lankideekin familia edo lagunekin baino ordu gehiago pasatzea, enkargatuaren mehatxuak, hipotekaren presioa, kaleratua izateko beldurra duen langilea edo lanorduan egin beharreko pieza guztiak egiteko arazoak dituen langilearen inpotentzia… Gure osasuna, esfortzua eta denbora ematen dugu bizitzeko beharrezkoa dugun soldata arrunt baten truke. Askok etsita edo nekatuta hasten dute eguna, eta berdin itzultzen dira ohera. Ulertzen al dugu sistema honek langileoi egiten digun kaltea?
Sistemak langileriari ezarritako miseria ekonomiko eta mentala gero eta handiagoa da. Etengabeko klase borroka batean bizi gara, baina badirudi ez dugula honen inguruko nozio edo ezagutzarik. Hauxe da errealitatea: dirudunak aberatsago eta langileak pobre edo prekarioago.
Eraldaketa sozialaz hitz egiten zuten garai bateko borrokak desagertuta geratu dira azkenengo hamarkadetako plano politikoaren barruan
Bizitza guztiz ezberdinak imajinatzeko gaitasuna galtzen ari gara: Jaio, lanpostu baterako ikasi, lana egin eta hil. Gure bizitzak lanpostuaren arabera antolatzen dira. Gauzak txarto joan arren, ez dugu horren aurka egiten, eta horrela izan beharko dela onartzen dugu. Produktiboak izatera behartu gaituzte, ez dugu beste ezer ikusten sumisioaren kulturaren barruan murgilduta.
Eraldaketa sozialaz hitz egiten zuten garai bateko borrokak desagertuta geratu dira azkenengo hamarkadetako plano politikoaren barruan. Gaur egun eraldatzaile edo alternatibotzat jotzen diren erakunde edo alderdi politiko handiek ere kapitalaren parametroen barruan jokatzen dute. Ez dute esplotazioaren menpe dagoen langilearentzako egiazko alternatibarik bilatzen.
Egiazko eraldaketa bat nahi baldin badugu, asko daukagu sortzeko eta baita historiatik eta iraganeko langile organizazioetatik ikasteko ere. Justizia soziala, elkartasuna, langile borroka, emantzipazio soziala, sindikalismo iraultzailea… Gero eta ahaztuago ditugun hitz potoloak dira hauek, nahiz eta askorentzat iraganeko edo garrantzirik gabeko zerbait izan, herriarentzat inoiz baino beharrezkoagoak direnak. Langileriaren pobretzea gelditzeko eta esplotaziorik gabeko mundu justuago bat sortzeko beharrezkoa da hitz hauek ulertu eta praktikan jartzea.