Bizkaibusak ekarritakoa
Tokatu izan zait, baten baino gehiagotan, lagun talde, batzar, ikastaro edo bestelakoetan neure burua aurkeztu beharra. Horrelakoetan, norbere burua aurkezterakoan, izen-abizenen ondotik doa nondik zatozen eta nongoa zaren. Hori izaten da aurkezpen txartela. Behin, ikastaro batean neure burua izen-abizenekin bakarrik aurkeztu nuen, eta «baina nondik zatoz?» izan zen beste ikasle baten kezka. «Neure etxetik» izan zen nire erantzuna. Nongoa naizen baino, non bizi naizen esatea izaten da aukerarik errazena. Natxituan bizi naiz. Baina ez da nahikoa izaten, nongoa galdera dator atzetik, nire hizkerak salatzen baitu ez naizela jatorriz natxituarra. Neu ere ibiltzen naiz hizkera entzun eta hizketan ari dena nondarra den igarri nahian neure buruarekin apustuan.
Asko markatzen gaitu nongoak garen, hobe esan, nondarrak garen. Hala ere, askotan, nongoa garen ez du definitzen bizi garen lekuak; nonbait, haurtzaroan bizi izan ginen herriak markatzen gaitu gehiago. Berdin da zenbat urte daramatzazun leku batean bizitzen, baita zure bizitzaren zatirik handiena bertan egin baduzu ere, txikitako herri hark ematen dizu sor marka.
Besteen begietara, zu baino geroago etorri edo jaio direnentzat bertakoa zara, zu baino lehenago etorritakoak zuretzat ere horrela izaten diren moduan. Niretzat natxituarrak dira Ana, Joseba, Ernesto, Marian… Denak ni baino arinago etorriak. Ni baino arinago herrian zeudenentzat, baina, ni Bizkaibusak ekarritakoa naiz.
Eta hori horrela bada kilometro gutxi batzuren bueltatik etorri ginenontzat, zer ote da urrunagotik datozenentzako? Ez lehenengo belaunaldikoei, bigarrengoei ere, bertan jaiotakoei ere, ukatu izan diegu bertakotasuna, gurasoen jaioterria eransten diegu beren seme-alabei; gurasoak moldaviarrak badira, seme-alabak ere bai eta gurasoak marokoarrak badira, baita seme-alabak ere. Eta hori, bere horretan, ez litzateke kezkatzekoa, jatorriaz aritzean bertakoa izateko aukera ukatuko ez bagenie.
Identitate pluralaren kontzeptua Amelia Barquini entzun nion lehenengoz, Maaloufek (1999) esandakotik ekarrita. Gustatu zitzaidan adierazten duena. Askotariko pertenentziaz eta leku bat baino gehiagorekin lotura sentitzeaz ari da identitate plurala; bata ala bestea aukeratu behar ez izateaz, eta «bertakoa» ere izan ahal izateaz. Haurtzaroa igarotako lekuarekin edo familiaren jaiolekuarekin lotura mantentzeaz, eta aldi berean, bertakoa ere izateaz ari da identitate plurala. Eta finean, hemengoa, bertakoa izateaz, hegazkinez, itsasoz, trenez edo autobusez etorritakoa izan.