Bukatu da bizi ona
Pasta mota baten antzeko izena duen politikari frantziar batek esan omen du aurtengo udan dagoeneko uko egin beharko geniokeela ardura gabe eta lasai bizitzeari. Arduratuta, aztoratuta, deprimituta eta erdi hilda bizitzan zehar mugitzea da hemendik aurrera onartu behar dugun patua, itxuraz.
Batzuk esango luketen bezala, aski arrazoi eman dizkigute azken bizpahiru urteetan etorri daitezkeen izurriteen, klima larritasunaren eta munduko toki berezi batzuetan soilik hasten dituzten guden eraginen beldurrez bizitzeko. Hau da, agintari frantziarrak aurrekoan bota zuen mezua ondutako edo ongi ureztatutako lurrean erori da.
Baina guzti honetatik larriena, adierazpen eta gertakari hauen aurrean gizartea nolabait ez astintzea da: azken ehunka urteetan gizateriak egin dituen eskubideen aldeko borrokak ez dira oparotasunaren aldekoak izan. Ez dituzte aberats gutxi batzuen beharrizanak elikatu nahi izan, esaterako atzo Euskal Herriko turismo eta Parisko bizitza elitistaren inguruko irratsaio batean entzun nuen bezala, 25.000 eurotako txanpaina botila erosi ahal izatea. Gizakiok, berdintasunez, gure testuingurua eta etorkizuna elkarrekin hobeto diseinatu eta erabaki ditzagun sustatu dira borrokok. Eta makarroiak dio bat-batean helburu hori ahazteko; dagoeneko utopikoa delako. Norbaitek txanpainagatik dirutza ordaintzea aukera bat da, baina lasai eta bizitza kalitate onarekin bizitzea ametsa bihurtu da.
Ba nire ametsa oso bestelakoa da. Nire ametsa da inoiz zer nolako bizitza izan nahi dugun hausnartu eta erabakitzeko biltzea. Nire ametsa da erabakiok denon esku daudela sinestea eta ulertzea, erabakirik ez hartzea edo erabakiok besteen bizkar lagatzea ere hautu bat dela. Nire ametsa da hartzen diren erabakiak denon artean gauzatzea, bizi ona eraikitze eta gozatze aldera.
Zaila da ametsetan jarraitzea jasotzen diren mezu gehienak ardurari, beldurrari edo depresioari gonbidatzen diotenean. Bestelako mezuak entzuteko garaia dela uste dut, bestelako ahotsekin elkarrizketatzekoa.