'Bullying'-aren probentzioa
Bullying-a edo eskola jazarpena arazo sozial kezkagarrienetarikoa da gaur egun. Izan ere, munduan hamar ikasletik bik bullying-a sufritu izan dute, eta ondorioak zeharo larriak izan daitezke, ikasketa prozesuan zein bizitza pertsonalean nabarmen eraginez. Psikologiako espezialistek zehazten dutenez, pertsonak bere haurtzaroan tratatuak izan diren moduak eragin zuzena du hazten direnean hauek besteekin duten erlazionatzeko eran.
Jarraitzeko, eskola jazarpena ematen den egoeretan, zenbait pertsona daude honetan zuzenean parte hartzen dutenak edota jazarpenaren testigu direnak: jokabide erasotzaileak dituzten ikasleak, jazarpena jasotzen dutenak, eta ikusleak direnak. Zentzu honetan, talde baten parte sentitzea, eta halaber, baloratua, errespetatua eta intimitatezko harreman seguru eta egonkorren parte sentitzea, umeentzako egonkortasun emozional eta pertsonalari dagokionez faktore eraginkorra da. Horrela, jokabide bortitz jakin batzuk segurtasun-ezaren markotik ulertu daitezke. Baita, jazarpen egoera mantendu egiten da, erasotzailea eta biktima inguratzen duten pertsonen ignorantzia edota pasibotasunaren ondorioz, hauek zuzenean esku hartu gabe. Hori dela eta, jazarpenaren hasieran esku hartuz gero, egoera hauek ez lirateke errepikatuko.
Ildo horretatik, hiru konponbide egon daitezke horrelako egoera batean: batetik, jazarpenaren deuseztatzea edo esku-hartzea. Bestetik, prebentzioa. Eta azkenik, probentzioa. Hasteko, jazarpenaren esku-hartzea bullying-a agerian dagoenean ematen da, jada arazoa presente dagoenean, hau desagertarazteko asmoarekin. Prebentzioaz hitz egiten denean, gatazkek eztanda egin aurretik esku hartzeaz ari gara, horiek krisialdi egoeran daudenean eta bullying-aren seinaleak pairatu daitezkenean. Azkenik, probentzioa hezkuntza mailan gatazkan esku hartzea da, hau lehenengo mailetan dagoenean, krisialdiko fasera heltzera itxaron gabe. Orobat, gatazkei hobeto aurre egitea ahalbidetzen diguten zenbait abileziaz eta estrategiaz hornitzean datza; hau da, gatazkei aurre egitea, konponbidea aurkitzea eta gatazken arrazoiak ezagutzea, besteak beste. Honek ez du esan nahi gatazkak izatea negatiboa denik. Azken finean, gatazkak eskolan zein bizitzan beti ematen dira, pertsonen arteko aniztasuna dela eta, hau aberatsa delarik. Horregatik, gatazken kudeaketan dago gakoa, hori izanik ikasleek barneratu eta garatu beharrekoa.
Horrela, eskola jazarpenaren probentzioa lantzerako orduan, argi izan behar dugu horren probentzioa lortzen badugu, ez dela jazarpenik emango. Hortaz, probentzioari garrantzi berezia eskaini behar diogu, tresnak, baliabideak, jarrerak, jokabideak eta materialak eskainiz, jazarpenaren esku-hartzera heldu ez gaitezen. Horregatik, probentzioan jarri behar dugun arreta, indarra, denbora eta lana handiagoa izan behar da jazarpenaren esku-hartzean baino; zenbat eta lan gehiago egin probentzioan, are eta lan gutxiago egingo dugu jazarpenaren konponketan. Eta noski, ez dira bullying egoera batean emango liratekeen ondorio latzak gertatuko.
Horrenbestez, ezinbestekoa da guztion kooperazioa: ikasleena, familiena eta eskola komunitatearena. Horrela, elkarbizitza errazagoa izango da, eta hau hobetuko dugu, guztion interesak eta nahiak asebetetzeko bidean, talde bezala lan eginez. Eskola Jazarpena probenitzea irakaslegoaren erronka nagusietako bat da gaur egun… Baina baita ikasle zein familiena ere, nola ez. Guztion artean, bullying-ari «stop»!