Burujabetzak
Pasa den urteko urriaren 20an Hernani Burujabe jardunaldietan burujabetza landu zen arloka (Miren Lanzek lanean, Iker Elosegik elikaduran, Nora Salbotxek hezkuntzan eta Miren Arangurenek zaintzan). Egun hartan hainbat apunte hartu nituen, eta bederatzi hilabete hauetan gaia apur bat gehiago lantzeko eta burujabetzen inguruan Euskal Herriko esperientzia gehiago ezagutzeko aukera izan dut. Baina burujabetzei buruz zutabea idazteko azken bultzada ondorengo esaldiak eman zidan: «Orduko umeak gaur aulestiar izatearekin harro gauden gurasoak gara, etorkizuneko aulestiar gazteen gurasoak». Esaldi hori Maite Legarraren eta Asier Galdosen ahotan entzun nuen ekainaren 15ean, Aulestiko herriak Sabin Kotabitarte eta Karmele Legarra senar-emazteei eginiko omenaldian. Txapela kentzeko egitaraua antolatu zuten aulestiarrek. Egindako antzerkian, kontzertuan, bertsoetan, aurreskuan eta fanfarrean maitasuna eta herri nortasuna nabari ziren. Burujabe izateko grina duen herriak baino ezin dezake halakorik egin.
Omenaldian argi gelditu zitzaidan Leatarrak burujabe izateko urteetan egiten ari diren lana. Euskal Herriko beste hainbat bailara eta txokotan bezala, aitona-amonetatik seme-alabetara transmititzen joan den aspirazioa da burujabetzarena. 60-70. hamarkadako gazte haiek osatzen zuten komunitateak autonomiaz bizitzeko zuen nahia egun ere bizirik dago gure bailaran. Geure baliabideak kanpo eraginik gabe kudeatzeko gogoz eginiko ibilbidean ikasitakoek balioko digute etorkizunean burujabeago izateko. Euskal Herri zabalean ere hamaika dira burujabetzen aterkipean koka daitezkeen esperientziak eta ereduak, eta Leatarrok geurea eraiki behar dugu.
Hernaniko saioan hartutako apunteak laburbiltzeko ariketa hausnartua egiten ari natzaizue. Salbotxek aipatu bezala, uste dut patriarkatuak eta neoliberalismoak erabat baldintzatzen dituztela egungo hezkuntza ereduak. Hori iraultzeko burujabetza ezberdinak eskolara bulkatu behar dira; gure umeek eskolan bizitzaren esparru guztiak ukitzen dituztelako (jan, jolastu, garbitu, …). Hezkuntza emantzipaziorako eta eraldaketarako tresna izatea nahi bada, burujabea izan behar da, eta hori lortzeko ezinbestekoa deritzot hezkuntza mahaien bitartez herriak hezitzaile bihurtzea.
Hezkuntzaz gain, bigarren oinarri nagusia lanaren burujabetza dela uste dut. Arlo honetan ere oso egokiak iruditu zitzaizkidan Lanzek aipatu zituen ildo nagusiak. Ekonomia gure lurraldearen eta beharren mesedetan jarri beharko litzateke. Kolektibotasunetik berton sortuak diren proiektuak lehenetsi beharko lirateke. Bizigarriak diren bizi-proiektuak, eta ekonomikoki bideragarriak izateaz gain, sozialki eta ekologikoki ere jasangarriak direnak (hobeto lauzpabost txiki erraldoi bat baino). Antolaketa demokratikoa eta parte hartze publikoa duten proiektuak. Dibertsifikatuak eta interkooperazioan oinarrituak, eta nola ez, hezitzaileak izan daitezela. Burujabetza proiektu hezitzaileek bidean sortzen diren kontraesanak kudeatzen lagunduko dute, eta gainerako burujabetza proiektuentzako argigarriak diren erantzunak eskainiko dituzte.
Elikadura, zaintza, energia eta beste alorretako proiektuek laneko burujabetzarako markoa aprobetxatu beharko lukete, eta eskolako curriculumean eragin beharko lukete. Argi dago epe luzeko begirada izan behar dugula. Baina 20 urte barru burujabeago izatea eguneroko erabaki txikien eta konpromiso kolektiboaren menpe dagoela esango nuke.