Danel Lauzirika: 'Lehengo lepotik burua'
Beste bat, 2016a ez da zenbaki bat besterik Irunerentzat. Ez dio ilusio zipitzik egiten urtea estreinatzeak. Hala ere, urte berria hastearekin batera jo du ordenagailura eta Nikaragua karpeta zabaldu. Ia konturatu barik, mahatsak jatea lako ohitura bailitzan. Beste behin ere, amestutako lurralde urrunera joango dela egin dio promes bere buruari. «Aurten bai». Jakin badaki zaila izango dela, berriz ere seme-alaben apeten zein senar ohiaren egutegiaren mende dakusa bere burua. Urtarrileko lehen domeka goiza bidaia prestatzen zukutu du, ihartutako ametsa Excell eta Word dokumentu bihurtzen.
Iñakiren ustez bere arazoa ez da utzikeria, denbora falta baizik. Beste zerbaitek du beti lehentasuna, edozerk izerdiz blai eta jendez mukuru dauden toki itxi hits horietan sartzeak baino. Beti berdin. Komenigarria ez, beharrezkoa, «hil ala bizikoa» (hitzetik hortzera) zaio kirola egitea, sendagilearen arabera. Izena eman ematen du, karneta ordaindu ere bai, baina joateari uzten dio urteko lehen hamabostaldian. Urteek maiztutako esaldi graziosoak («Ez da izango herrian bertoko kirola nik baino gehiago sustatu duenik. Babesle ona naiz, urtero-urtero ordaintzen dut kuota») aspaldi utzi zion kontsolazio-bide izateari, ondokoak nekatzea baino ez du lortu. Baina aurten ez omen da betikoa gertatuko. Horixe egin du zin neskalagunaren aurrean, nahiz eta piperrik ez sinistu.
Julianek, bere aldetik, zinez gorroto ditu urte berriari begira jendeak egin ohi dituen promesa hankamotzak. Zentzubakoak deritze, erridikuluak. Hala ere, bere burua promes egitera behartu du. Izan ere, gero eta arazo gehiago du arnasa hartzeko, esfortzu txikienak ito egiten du, eta komenigarria zaio hainbeste urtetan bidelagun izan duen tabakoa bazter batean uztea. Promesa hori bere kautan gorde du, besterengandik urrun badaezpada. Ez du hainbeste kritikatu duen joeran erori gura.
Topikoak topiko, Ainhoak euskara ikasteko asmoa berritu du, eta Mikelek esklabu-lana ahalbait lasterren uztearena… Kateak ez du etenik. Makinatxo bat desio eta promes antzu batzen da mahaiaren jiran abenduaren 31n, urte berriak zaharrean ereindako guztia derrepente deuseztatu eta aldatzeko gaitasuna balu legez.
Laster itzaliko dira oasiak sortutako liluraren argiak. Hala ere, beharrezkoak zaizkigu promesa tonto horiek, behar-beharrezkoak. Datozela hurrengoan ere errealitatea erakusten diguten fikziotxo horiek, bestela zerbait txarto egiten ari garela ere ahaztuko dugu eta.