Deba gaineko zubia eta beste espaloia
Berdeak-Independenteak (B+I) elkartetik, Deba ibaiaren bi ertzetako herritarrek bezalaxe, Bildu eta EAJren espaloi eta zubien salmentarako bazar politikoa ikusi dugu. Elkarrekin ibiltzen, baina ez nahasita. Nahiz eta prentsaren bidez bakarrik ezagutu lorpen, betetako eta bete gabeko agindu eta hurkoari erru banaketa erakustaldi honi buruz, harrotasunez eta pozez betetzen gaitu hasieratik ikusten ez zuten proiektu batez jabetzeak.
Biei gogorarazi Galbaixotik zioan Mutriku eta Sasiolaren arteko Megaerrepide berri baterako proiektua Zumosoleko lehengusuak (aldundiak) astotik jaisteko eskatu zienean soilik alboratu zutela. Zentzugabekeri horretan 80 milioi euro uztea ez baitzen lehentasunezkoa.
Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak Mutrikuko Reiner eremuan planteatzen duen kirol-portu berria ere ez da halakoa, herriko portu nagusian «Portu interruptus» baten lekuko garelarik. Ez da onargarria proiektu honek, Debegesak sinatutako itsasadarreko beste proiektu batekin batera benetako lehentasuna zuten gaiak oztopatzeak. Oinezkoen segurtasuna eta itsasadarrera egindako isurketak hain zuzen ere.
Inplikatutako udalei dagokienez, Debakoari eskerrak ematen diogu Deba ibaiko beste ertza birsortzen saiatzeagatik, nahiz eta badakigun arazo handiak dituela bere muga propioei heltzeko. Eta Mutrikukoari eskerrak baita sinesmen berria erakusteagatik, pasealekuan komun bat eginez. Honekin batera, Ondarbeltz ingurua behingoz ganoraz kudeatzea eskatu.
Eragile publiko eta erdi-publiko horiei guztiei, halaber, eskerrak eman interesatzen zaienean elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakusteagatik. Eta, azkenean, pertsonak, ondarea eta natura gailendu izana proiektu megalomanoen, lehiaketen eta ego politikoen aurretik. B+Itik bide horretatik jarrai dezatela animatzen ditugu, guk beti sinetsi, borrokatu eta azaldu dugun bidea. Oraindik beste espaloian egonda ere beti zubiak eraikitzeko prest.
–Iñigo Agirre. Mutrikuko Berdeak+Independenteak taldearen izenean.