Deseroso?
Agurrik gabeko agur bat izatea nahi dut azken zutabe hau, promesa edo aldarri gaindosirik gabea. Mundua aldatu nahi dugu gutako batzuek, eta badakit, hileroko hitz apurrek ez dutela deus aldatuko, ez eta deus asaldatuko. 2023an hitz egin nuen zaintza lanen prekarizazioaz, kritikatu haurdunaldi subrogatua, auzitan jarri monogamia eta aldarrikatu greba feminista. Zu, irakurle, horietatik zeinek mugitu zaitu? Ezerk astindu dizkizu barruak?
Bizikidetza bat da gure egunerokoa; askotarikoak gara, eta elkarrekin bizi gara, nahiz eta eskualde txikia izan gurea. Badira elkartzen gaituzten gaiak eta badira, nola ez, banatzen gaituztenak ere. Bada gai bat hautsak harrotu dituena azken astean, eta seguraski etxe bat baino gehiagotan eztabaidatu dena eta, nola ez, feminismoarekin lotura duena. CIS erakundearen azken inkesta baten arabera, Espainiar estatuko gizonen %44k uste du berdintasuna urrunegi joan dela eta diskriminatu egiten dituela. Are gehiago, segurtasun indarrekin lotutako inkestatuen %66 oso ados edo nahikoa ados dago feminismoa urrunegi iritsi izanarekin.
Sorpresa!
Polizia matxista da (bakarrik?)
Feminismoak pribilegioak kolokan jarri dizkie gizon cis hetero patriarkalei, eta ez zaie gustatu. Dituzten pribilegioak eskubideekin nahastu dituzte eta, ondorioz, erantzun erreakzionista horiek sortu dira. Eskuineko alderdietan aspaldian entzuten ditugun berberak.
Izan ere, parekidetasunak aurrerapausoak ematen dituen heinean, batez ere, desberdintasun egoera handiagoan daudenei egiten die fabore; eta beste aldean daudenek pribilegio batzuk galdu beharko dituzte nahitaez.
Gizon cis heteroak feminismoarekin deseroso badaude, bide onetik goazen seinale da. Eta urte honetan argitaratu ditudan zutabeetako hitzek norbait aulkian deseroso mugiarazi badu, barrua erre badio, haserrea piztu edo azkura sortu, bere pribilegioetara iritsi naizelako da. Hau irakurrita, bakoitzak hausnartu dezala nola kudeatu deserosotasun hori. Deserosotasun horretatik ere eraiki daitekeelako, gazi-gozotik ikasiz.