Diaspora
Euskal Diasporaren Nazioarteko eguna ospatu zen Gernika-Lumon joan den ostiralean. Ekitaldi hunkigarria, sinbolismoz betea. Asko izan ziren XIX. mende amaieratik aurrera Amerikara, Australiara, Filipinetara… joan ziren euskaldunak. Itsasgizon, artzain, kaina ebaten… Jatorria utzi, senideak eta lagunak agurtu eta maletatxua eskuan joan ziren. Amerikako mendi tontorretan 2000 ardiko artaldea zaintzen aritu ziren, bakardadean, koioteen ulua, ardien hotsa eta txakurra lagun; egunetan inoir ikusi gabe. Australian kaina ebaten jardun zuten eguzki galdatan; lan gogorra inon bada. Eta holanik, lan ugaritan, beste hainbat eta hainbat lurraldetan. Urteak atzerrian emandako Gernikar batek esan zidan: “Dirua egin genuela esaten dute askok, bai jauna! Baina lan eginda, lan gogor eginda. Lan egin barik han ere ez dago ezer”. Lan asko egin zuten, bai. Ez dago ukatzerik.
Zenbat jende, zenbat istorio, guztiak ohoregarriak eta errespetagarriak. Emigratu bakoitza emigrazio bat dela esan liteke; izan ere, nahiz eta leku berean, momento berean eta lan berean egon, bakoitzak bere sentimenduak, pertzepzioak, bizipenak eta sentsazioak ditu; bere istorioa du. Jaso beharrekoa, gorde beharrekoa, jagon beharrekoa, denon ondarea baita. Hori dena, arlo subjektiboa delakoa, datu, errejistro eta antropologo edota historialarien lanei gehituz gero, hau da, arlo objektiboari, Diasporaren historia osoa sortzen da; gure historia.
Kontuak kontu, gaur egun ere emigratzen jarraitzen da; ez da inoiz eten. Formak, bidaiak, moduak aldatu dira. Baina emigratu egiten da. Ez al da migratzailea Erasmus egitera doana? Edo bi urterako lanean atzerrira doana? Batzuentzat ez, eta: –esatea ere!– marmartuko dute. –Aizan! Diaspora amaitu zuan–. Baina horiek ere Diaspora osatzen dute. Jakina, 90 urtetik gora dituen gizontxo baten sasoia eta oraingoa ez dira berdinak, orduko huraren baliabideak, egoera… ez dira gaur egungo gazte batenak. Gainera, teknologiari esker, han eta hemen egon liteke une berean; ez dago distantziarik, dena hur. Hala ere, seguru nago denek, lehen eta orain, sentitu dutela momenturen batean bakardadea, arazoak lanean, herrimina. Herrimina, ze hitz potoloa, aho betekoa; zenbat izkutatzen duen barnean, ezta? Australiako lagun batek behin esan zidan: “You can take the man out of Euskadi, but you can not take Euskadi of the man (Euskaditik atera ahal da gizon bat, baina Euskadi ezin da atera gizon baten barrutik)”.
Diasporako jendeak gure hizkuntza, ohiturak, gastronomia, kirola… gure kultura zabaldu zuen eta zabaltzen ari da, partekatu egin du egon den leku guztietan; atzerrian, lurralde askotan… eta atzerrian kanpokoa izan da eta hemen, ordea, amerikanoa, australianoa… baina beti euskalduna.