Distantzia soziala
Badira azken urtean jakin bagenekien, baina erabiltzen ez genituen hamaika hitz. Duela urtebete eskas arte nork zuen «pandemia» hitza bere bizi guztian erabilia, ez bazen Espainiar gripeari buruz berba egiteko historiako klaseetan ez bazen? Nork erabiltzen zituen bere eguneroko arruntean «musukoa», «maskarilla», «hidroalkohola» eta gaur egun hain ohikoak egin zaizkigun hitzak? Neuk ez behintzat.
Izurriteak baserriko landareek noizbehinka jasatzen zituztenak ziren. Ez zuen gizakiarekin harreman zuzenik. Urteroko gripe izurrite delakoa salbu. Hori ezagutzen genuen, baina hain urterokoa zen, hitzari erreparatu ere ez geniola egiten, osasun arloan blai bizi direnak salbu.
Ohiko egin zaigun beste hitz horietariko bat «distantzia soziala» da. Hamaika aldiz entzun dugu horixe dela gu eta GU salbu egoteko neurri eraginkorrenetatik bat, hurkoetatik urrun egotea, sozialki urrun.
Urteak daramatzate, jendartean «goikoak» deritzogun horiek hain zuzen, jendearen arteko «distantzia sozial» hori bermatu nahian.
«Goiko» politikariek urteak daramatzate garrantzizkoena gure norbanakoaren askatasunak direla esanez, gure eskubideak. Talde eskubideak, talde askatasunak… hori ez. Zuk zeure botoa ekarri eta «goikoek» horrekin zer erabaki hartu begiratuko dugu. Hobeto da zuen artean «distantzia soziala» mantentzea, zu zara garrantzitsua, ZUan pentsatu, ez GUan.
«Goiko» enpresariek ere bereari ekin diote behin baino sarriago. Utzi albo batera «gu» diren lan hitzarmenak, garrantzitsuena zure lan baldintzak dira, ez zure ingurukoenak. Enpresari eta langile bakoitzaren arteko lan harremana bultzatu nahi dute, langileari taldeak indarra ematen diola jakinik; ez asko direlako, batera daudelako baizik. Hobeto langileriaren arteko «distantzia soziala», bestela batek ondokoa kutsa dezake.
Honez gero, pandemiari muzin egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala jardutera bultzatu guran nabilela pentsatu dezakezue. Baina ez, pandemia egon badago eta jende asko gaizki pasatzen ari da, bai osasunez, bai bizi baldintzatan (geixo, pobrezi, langabezi…). Baina horiekin, eta gainontzeko guztiekin, arren, distantzi «fisikoa» mantendu, baina ez ditzagun sozialki albo batera utzi, gu zu ere bagara eta.