Emozioak bor-bor
Ekainaren 28an hasi zen dena niretzat. Edonor dardarka jartzeko moduko gertakari horren berri izan nuen egun horretan. Onartu behar dut momentuan bizitako emozio korapiloak osagai asko zituela: erasoak sortzen zidan amorrua, erasotzaileak ematen zidan nazka, 20 urte baino gehiagoko inpunitateak sorrarazten zidan inpotentzia, gaia horren delikatua izateak ematen zidan beldurra, taldekideekin martxan jartzeak sentiarazi zidan ahizpatasuna… baina, batez ere, erasotuarekiko sentitu nuen enpatia eta gertutasuna.
Ia uda osoa iraun zuen prozesuari ekin genion gero. Honetaz esandako guztiak esan eta gero, aitortu behar dut oso gogorra egin zitzaidala horren argi ikusten nuen zerbaiti horrenbeste buelta ematen ibiltzea, baina baita ere uste dut merezi izan zuela. Han entzundakoak eta gero, gaur eta hemen, inongo zalantzarik gabe, erasotzaile baten konplize izan direla esan dezaket. Hala ere, kalera oihuka ateratzeko beharra sortzen zidan egoera batetan isilik egon behar izatea izan zen hilabete hoien gogorrena, zalantzarik gabe.
Urriaren 25ean jakin nuen erasotuaren izena, eta ez dut berriro ere entzun. Azken honek asko poztu arren, aitortu behar dut egun hori ez dudala erraz ahaztuko. Bat-batean, mundua gainera erori zitzaidan. Egunak eman nituen bere irudian pentsatze hutsarekin negarrez. Irizpide feministen baitan eta humanitate kontu batengatik enpatizatu nuen izenik gabeko erasotuarekin. Baina izena jakiteak dena aldatu zuen. Teoriatik errealitaterako kolpea izugarria izan zen eta, aldi berean, lanean jarraitzeko gasolina.
Abenduaren 17an, El Pais-eko artikuluari esker, eztanda egin zuen azkenean. Berri horri esker jakin nuen bi hilabetez gurekin bildu zirenak gezurretan ibili zirela hasieratik. Miña eta amorrua, berriz ere. Ostean etorritako adierazpenek elikatu baino ez dutena egin, gainera. Hasieran, ez zekitela ezer; beranduago, zerbait bai baina bakarrik akosoa zela; ostean, akosoa edo erasoa, ez zeukatela argi; bukatzeko, «queremos pasar página con este asunto» esateko. Erakutsi duten arduragabekeria eta joku zikina ikusita, izan naizen ume zein naizen eme eta ama bezala, nola fidatu beraietaz!
Emozio negatibo gehiegi izan dira, egia esan. Eramanezinak izango zirenak bidean topatutako konplize feministengatik ez balitz. Ahizpatasun esperientzia izugarria izaten ari da, eta dudarik gabe emozio asko mugitu dituen prozesua. Azken hau puntu klabea da, nire ustez, teoriez haratago —eta ez hauek gabe— borroka feministari bizipen, bizitza eta emozioek ematen diotelako zentzua.