Eñaut Apaolaza: 'Benidormeko jubilazioen amaiera'
Akabo jubilatuen Benidorm. Pentsioenak egin duela sinestarazi nahian dabiltza batetik eta bestetik, eta Gobernua katastrofe meteorologiko baten aurrean bezala, aurpegi goibelez halabeharraz berbetan. Noski, pentsioak esfera pribatura pasatzea itzelezko negozioa da.
Pentsioen kontuan demagogia asko, eta sasi-egi gehiago erabiltzen dira. Behin eta berriro esaten da langile gutxiegi dagoela egungo pentsioentzako. Beraz, lan kotizazioek ez dute ahalmenik pentsioei eusteko? Bai, badute, neurri politiko egokiak hartzen badira. Adibidez, pentsio sistemak superabita zuen garaian, 2007 urtera arte alegia, soldatak altuagoak ziren Espainiako Estatuan, are altuagoak Hego Euskal Herrian. Soldata altuagoek eta enplegu gehiago eta hobea eskaintzen duen ekonomia produktiboago batek pentsio sistemarako diru gehiago du. Horretan hiru faktorek laguntzen dute: soldata altuak, lanak (hau da, langabezia bajuak) eta berrikuntzan egindako inbertsioak. Agintariek egin dutenaren kontrako bidea.
Baina lan kotizazioak ez dira pentsio publikoak finantzatzeko modu bakarra, beste diru-bilketa batzuetara jo daiteke. Horretarako ordea tabu liberal bat apurtu behar da: diru-bilketa handitu behar da. Erne, kontua ez da langileak gehiago itotzea. Oso bestela, orain oso gutxi zergapetzen direnetara jotzea baizik (eragiketa finantzarioak, jarduera espekulatiboa, enpresa jarduna…).
2017an Pentsioen Bermerako Fondoa amaitu egingo da. Horrek pentsioen erreforma berri bat ekarriko du, esan bezala, helburuetako bat pentsio publikoak miseriaraino urritzea baita, pribatuen negozioaren mesedetan. Horren aurrean erantzukizun politikoak eta alternatiba lokalak topatzea ezinbestekoa da. Euskal Herriak badu horretarako gaitasuna. Egia da gaur egun defizitarioa dela kotizazio eta pentsioen ordainketaren arteko balantzea, baina Hego Euskal Herriak diru asko sartu du goran aipatutako fondoan, eta erreforma batzuk eginda, soldatak igota eta lan erreforma aldez edo moldez indargabetuta, pentsio gehiago ordaintzeko gauza da. Gure politikarien esku dago, erabakia eta gauzatzeko ahalmena beraiena baita. Herritarroi dagokiguna hori egitea exijitzea da, eta eztabaida dagokion lekuan kokatzea.
Martxa honetan –edo dagoeneko– Benidorm bera gutxi batzuen esku geratuko den erretiro lekua izango da bestela.