Eñaut Apaolaza: 'Ergatiboa abolitu!'
Ferran Suai soziolinguistikan adituari entzun nion behin: «zuk lankide bati egun batean kafea ordaintzen badiozu, atsegina zara. Baina egunero ordaintzen badiozu, dagoeneko ez zara atsegina, beste zerbait zara». Eraman dezagun hizkuntza arlora: zuk behin euskaraz ez jarduteko eskariaren aurrean men egiten baduzu, atsegina izango zara; baina egunero men egiten baduzu… Horra menpekotasunaren bi adibide.
Idoia Mendiak lora galantak eskaintzen dizkigu hizkuntza gaietan. Duela urtebete esan zuen euskaraz ez zekitenak oso eskuzabalak izaten ari zirela euskaldunekin. Oraingoan berriz euskararen eskaria apaltzea eskatu du funtzio publikoan jarduteko, EGA azterketa erraztea, eta turismo gaietan euskararekin gehiegi ez endredatzea.
Zoritxarrez euskararen aurkakoak mesede modura mozorrotzen abilak dira batzuk. Merkea da euskararen aurka eginaz euskaldunoi paternalismoz jardutea, Angel Acebesen eskolak baditu ikasle ugari.
Baina Mendiakeriak errazten dituzten bi jarrera labainkor gutxienez badira euskararen egoera zintzoki hobetu nahi dutenen aldetik:
1. Oso ohikoak izan dira «euskera amable» edo «euskara errespetuz» tankerako egitasmoak eta jarrerak. Euskaldun «amablea», Osaba Tom, euskararen –eta euskaldunen– izaera menpekoa bere egiten duena. Horrelakoek euskaldunek euskara egitean edo euskaraz bizi nahi izatean diskriminatzaileak izan daitezkeela iradokitzen du neke handiegirik gabe.
2. Euskararen berreskurapenean koherentzia handitzea bai, baina paraleloan beharrezkoa zen gizarte eragina hedatzeari uko egin diotenak daude bestetik. Neurri batean txikitasunean erosotasuna topatu dutenak. Hau da, koherentzia eta kohesio sozialaren arteko tentsioaren gestioan gabezia bat baino gehiago egon dira.
Une honetan beraz euskararen partikulartasun eta berezitasunari alde egin, eta normaltasunean kokatzea ezinbestekoa da, hasteko hizkuntzaren inguruko diskurtsoetan. Eta denentzat onargarriak diren baloreez jabetzea horretarako bidea da. Bestela hurrengoan euskararen balizko «zailtasunaren» aitzakian, batek daki, agian ergatiboa bera abolitzeko eskatuko du Idoia Mendiak. Dagoeneko EGA eta hizkuntza eskakizunak errazteko eskatu den bezala. Ufff, ze zaila eta berezia den euskara!