Piztu da piztia!» oihuka ari da Kuraia punk-rock sendoz bustiz giro politikoa; Godzillaren apokalipsia, zibilizazioa eusten duten guztia irensten duen munstroa. Amorrua. Trump.
Harrigarria egiten da Trump fenomenoa, baita kezkagarria ere noski. Zergatik orain hau? Nagusikeria moralerako tentazioa gainditzen badugu ohartuko gara stablishment-ak gaitasuna galdu duela bere lider eta mezu nagusienak normaltzat agertzeko. «Arazoa Trump da, eta Clinton salbazioa» behin eta berriro errepikatu dute hedabide amerikarrek, baina baita Euskal Herrian ere, korrekzio politikoaren irudi eginaz Clinton.
Kezkagarria da Clinton bezalako pertsona bat, botere finantzario handien babesle, gerrazale sutsua, enplegu galera eta pobretze politiken bultzatzailea, Trump bezalako –jar ezazu hemen nahi duzun adjektiboa– baten aurrean salbatzaile agertzea, baita gurean ere. Baina argi dago, stablishment-aren aurrean alternatiba errealik ez dago, eta gabezia horretatik abiatuta, transgresio/dibertsio apur bat ematen duen edozein hobesten da dagoeneko. Botatzerakoan orokortzen ari den joera da: ez zaio proiektu bati botoa ematen (proiektu zabalak falta), zerbaiten kontra bozkatzen da. Brexit-a esate baterako, Trump, baina beste piztia batzuk ere baditugu ate ondoan zain, Le Pen esaterako, edo Orban, atea zeharkatuta.
Bizitza hobetzeko itxaropena agortuta, berdin du nor datorren orain daudenak ez badira. Honela bada, Clintonen bertute bakarra Trumpen kontra egotea baino ez zen, baina Clinton nahi ez zutenak asko ziren, «izorratu behar bagara, denok izorra gaitezela, ez batzuk bakarrik» pentsatuz gainera. Badaezpada.
Haustura ezkerrari zegokion, gizartea bere osoan ulertu eta eraikitzeko ahalmena zuen ezker bati. Baina hirugarren bide ustelek eta instituzio jardun hutsak sistemiko bihurtuz irentsi dute ezkerra, eta Syirizaren porrota digestio txar horren korroskada baino ez da izan.
Euskal Herriak ez dio ihes egin alternatiba justuak sortzeko gaitasun faltari. Higatze orokor horretatik kanpo ELA eta LAB behintzat geratu dira, eta arretaz begiratu behar da ukaziotik duten eraikitzeko gaitasuna. Baina alderdien arteko mezu gurutzatzeak hedabide handien agendaren arabera egiten dira, eta ez dute gaitasunik stablishment espainiarraren logikak eta praktikak apurtzeko, erabat higatuta dagoela aprobetxatzeko.
Utzikeriak piztu du piztia.