Burugabetzarako promesak ala burujabetzarako proposamenak? Hasi dira lehen gitarra hots hipnotikoak joka autoan. Fugaziren Promises zarata batean, abestia luzatzen eta laburtzen, azkartzen eta astuntzen; hitzak harriak bezala, hitz hutsak, amorrua, maitasun zauritua. Promesak hitzak baino ez dira, berba ergelak, kaka. Burrunba bozgorailuan.
Hauteskunde kanpainan, ia nahi gabe (erritual elektoral pertsonala), beti autoko irratian agertzen da Fugazi ihesean, haserre, errepikakor, grinaz. Promesak. Une on bat hauteskundeez berba egiteko.
Baina lerrook ez dira politikaz distantzia hartzeko, edo ohikoak diren kanpainei buruzkoak esateko izango. Alderantziz, dirdira eta hitz hutsen gainetik, politikaren eraiste neurtuaren gainetik, une politika aldarrikatzeko dira. Eta ezagutza politikoa edo politikaren ezagutza da horretarako giltza.
Euskal Herriaren norabidea aldatu du krisi honek, Euskal Herri pobretu bat iraunkor bihur dezakeen egitura politiko-ekonomikoa, ala aberastasuna berdintasunez sor dezakeen Euskal Herriaren arteko aukera. Zein da gure aukera? Burugabetza ala burujabetza?
Autonomien balioa zalantzazkoa da –eta are zalantzazkoagoa epe ertainean–. Edonola ere, oinarri politiko bat da, eta garrantzitsua da zer egiten den eta bitartekoak zertara bideratzen diren oinarri honetatik. Programa politikoek, hitzek baino, lerro artean pista asko ematen dituzte, iraganaz, orainaz eta batez ere geroaz. Hona zenbait programatako adibideak:
- Industriarentzako adinako konpromiso kopurua turismorako proposatzen duen programa.
- Defizit helburuak beteko dituela agintzen duen programa, kapitulu sozialeko lehen lerroan.
- Gehiengo sindikalaren zokoratzea aipatu ere egiten ez duten programak (bat edo bi baino gehiago).
- Estatuan sendotasun handia erakusten duen planteamendu sozioekonomikoa bere horretan kopiatu eta itsatsi duen programa, euskal hitza agertu ere egin gabe gainera.
- Kopuru zehatzik ez, baina proposatu, sustatu, bultzatu eta horrelako promesekin proposamen saila osatzen duen programa.
Aurrekoak burugabetzako neurriak dira, baina burujabetzakoak ere topa daitezke programa ezberdinetan, edo gorago azaldutakoak zehaztasuna emanaz benetako proposamen bihurtu. Politikaren eta gure etorkizunaren mesedetan, ezagutu egin behar dira programak. Hautagaiak dagoeneko ezagutzen ditugu. Gainerakoan hitzak baino ez dira, berba ergelak…