Eneko Arrate: "Aukera berdintasuna kirolean"
Kirol urtekari bat egin berri dugu markina-xemeindarron artean, elkarteen eta herriko kirolarien lana herritar denei zabaltzeko asmoz. Urtekaria osatu ahala, agerian geratu da hutsune nabarmenak ditugula herri mailan aukera berdintasunari dagokionez, eta ziurrenik beste herri denetan antzeko kezkak izango dituzue. Kirol eskaintzatik kanpo geratu ohi dira gehienetan emakumeak, adinekoak, jatorri anitzekoak eta aniztasun funtzionala daukatenak. Gaurkoan emakumeen kirolean zentratuko naiz.
Eguneroko hainbat jardueratan bezala, emakumeentzako kirola trabaz josita dago. EAE-ko federatu fitxak kontuan hartzen baditugu nabarmena da aldea; %78 gizonezkoak eta %22a emakumezkoak. Babesleen, errekonozimenduaren, prentsa oihartzunaren eta diruaren arloetan ere nabarmenak dira aldeak. Jendartean desoreka dagoen seinale.
Kirola edo jarduera fisikoa egiteko denbora librea eduki behar da eta datuek diotenez, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan denbora gehiago igarotzen dutenez, denbora libre gutxiago izaten dute. Horregatik, nabarmenak dira lagunartean zein bakarrik jarduera fisikoa egiterakoan gizonen eta emakumeen arteko desorekak.
Kontuan hartu behar da zer nolako jendartean bizi garen egoera hau ulertzeko. Emakumea espazio publikoarekiko beldurrez eta lotsaz bete du gure jendarteak. Zorionez, pixkanaka, beldur horiek gainditzen ari dira emakumeak baina erresistentziak sustraituta daude oraindik. Formazio eta begirada aldaketa behar ditugu. Federazioak, adibidez, oso urruti daude aldaketetatik eta ezer gutxi egiten dute nahiz eta berdintasun legearekin arau batzuk betetzera behartuta dauden. Indar handia dutenez, politikariak ez dira ausartzen legea betearazten. Herrietako elkartekideok ere badugu zer hobetua eta kirol entrenatzaileok, hezitzaileak garen heinean, lehiakortasunetik harago harremanetan sakondu behar genuke.
Horrez gain, beharrezkoa da emakumezko kirolarien erreferentziak sortzea, gozamena eta askatasuna transmitituz, jarduera fisikoa, emakumeen autonomiarako, sozializaziorako, gozamenerako eta aske sentitzeko tresna paregabea delako. Horregatik, beharrezkoak dira ekintza positiboak antolatzea eta horien artean koka genezake Donostian egiten den Lilatoia. Martxoaren 1ean egingo da aurtengo edizioa. Pausoz pauso gelditu barik, korrikako lelo zahar bati jarraipena emanaz.