Eneko Arrate: Baserri inguruak garbi
Gure inguruak lotura zuzena izan du baserri munduarekin. Bizitzeko modu bat eraiki du inguru honetako askok animali eta ortuari artean. Zoritxarrez, baserri asko galdu ditugu azken mendean. Lar eta sasiek gure historiaren zati handi bat irentsi dute. Soziologoek zergati asko bilatuko dituzte: Ekonomikoak, desplazamenduzkoak, bizi eredu berriak eta abar. Kaletarrok, gutxitan hitz egiten dugu, ordea, baserri inguruetako gure bizilagunekiko ditugun luxuez.
Kaletarroi, egunero udaleko langileek garbitzen dizkigute patioak, kaleak eta noizbehinka moztu zuhaitz adar zein parkeetako belarrak. Kalean, baldosa bat hondatzen denean azkar baten konpontzen dute. Kalean, zuhaitz bat erortzen denean laster kentzen dute trabatik. Kalean, elurra egiten duenean, makina laster pasatzen dute eta arriskutsua den gune bakoitzean babes heziak jartzen dituzte. Luperiaren bat baldin badago laster konpontzen dute. Hondakin guneak han eta hemen, gasa, internet sarea eskuragarri eta abar. Kalean, dena ahalik eta azkarren konpontzen saiatzen dira, kexen beldurrez. Kexatiak garelako. Kalean, jauntxoen pare bizi gara gaur egun.
Baserri inguruan, baina, bestelakoa da egoera. Beraien esku geratzen dira ia lan guztiak. Baserri bideak auzolanean garbitzen dira. Elurra dagoenean traktoreek egiten dute elur makinen lana. Eroritako zuhaitzak baztertzea ere askotan auzotarren zeregina izaten da. Luperiak daudenean zain egotea tokatzen zaie eta azpiegitura aldetik hutsune nabarmenak dituzte: Amildegidun bide asko babes hezirik gabe daude, eta abar.
Auzolana beharrezkoa da eta arazoei irtenbidea auzoan, auzotarrek ematea, edarra da. Baina ez da justua, kaletarrok hainbeste abantaila eduki eta baserri ingurukoak baztertzea. Kopuruz gutxiago izan arren beraiek dira gure sabelak betetzeko produktu freskoenak eskainiko dizkigutenak, gure bazter ederrak zainduko dituztenak eta batez ere, gure arbasoen bizimoduaren zati bat bizirik mantenduko dutenak. Mendira north-walking, BTT edo trekking egitera goazenean, bazter garbi eta ederrak maite ditugu. Zeinek garbitzen ditu bide bazterrak? Ze animaliak garbitzen ditu? Nik neuk ez, eta zuetako askok ere ez.
Mugikor, Repsol, Movistar, La Gozadera eta koka kolaren munduan bizi garenok galdu dugun altxorra babestea denoi dagokigu. Zaindu dezagun landa giroa. Erraztu dezagun landa giroko bizimodua eta herri honek irabazi egingo du, ingurumenean, ekonomian, eta batez ere, osasunean.