Eneko Arrate: Erromeria
Erromeria entzutean trikitia etortzen zaigu askori burura. Trikitia etxekotu genuela ehun urte pasatxo soilik igaro diren arren, ohituratzat hartzen dugu. Baina erromeria trikitia eta panderoa soilik ote da? Trikitia azaldu aurretik gure arbasoek ez al zuten erromeriarik? Bertso saioa bat ez ote da erromeria? Edo DJ saio bat? Edo rock kontzertu bat? Edo afari herrikoi bat?
Protagonistak eta lekuak aldatu arren, barren-barrenean lagun giroaz gozatzeko, irri egiteko eta emozioak askatzeko guneak bilatzen ditugu pertsonok.
Beharrezkoa dugu lagun giroa, festa giroa eta sendagileek osasuna sendatzen diguten bezala, musikariek, bertsolariek, aktoreek edo kaleko lagun kontu-kontalariek arima sendatzen digute.
Gainera, pisua inoren menpean utzi gabe, konturatu behar gara denok dugula erromeria txikiak egiteko gaitasuna kontuen, keinuen edo ekintzen bidez. Gehiago landu behar genuke jendartean pozik bizitzeko beharrezkoa den gaitasun hau, asko eman geniezaiolako inguruari bai eta geure buruari ere.
Zorionez, plazako giroa berpizten ari da edozein motatako erromerietan, asko ados egongo ez zareten arren.( Positiboegia naiz, agian? Eta zergatik ez? )
Trikiti erromeriak ere indartzen ari dira talde askoren eta antolatzaile askoren lanari esker. Duela gutxi, adibidez, Aiako Aizterrazuko plaza ederrera joateko aukera izan nuen. Ezagutzen ez duzuenok eman bueltatxo bat handik udazken, negu edo udaberriko igande iluntzeren batean. Garai bateko erako erromeriaz gozatu daiteke adin tarte desberdinetako jendearekin batera. Berezia eta ederra dela ezin ukatu.
Igande honetan ere beste akelarretxo bat egiteko aukera izango dugu Senpereko lakuaren ertzean euskararen eta euskal komunitate osoaren alde, festa giroan gozatuz eta gozaraziz. Herri Urrats. Horixe baita gakoa, aldarrikatuz, herriaren urratsez gozatu eta gozarazi. Bizi eta bizia eman. Abesti batek dioen bezala irri eginez askoz hobeto!!!