Erliebearen metamorfosia
Maite ditut maite gure bazterrak arrokek zer izkutatzen duten ikusten uzten dutenean, orduan hasten bait naiz nire inguruko bazter miresgarriak ikusten. Esaldi honekin hasi zen gure eskualdeko natura betaurreko berriekin ikusteko saiakera (Hitza 2023/02/16). Urte horretan zehar, arroketan aurkitzen diren fosilek eskeintzen diguten gure eskualdeko iraganeko bizitzaz aritu ginen. Aurten, gizakiok naturarekin harremanetan egoteko daukagun behar emozional sakonaz aritu gara, eta behar emozional horren barne sartzen genuen baita ere harkaitza (Hitza 2024/02/08). Geodibertsitatearen parte dugu harkaitza edo arroka, baita fosilak edo lurrazalaren gainazala osatzen duen erliebea ere.
Oraingoan, betaurreko berri horiekin gure eskualdeko erliebean forma geologiko desberdinak edo geomorfologia mota desberdinak behatuko ditugu. Geomorfologia, luzarraleko erliebearen forma, honen sorrera (hasierako erliebea) eta bilakaera edo aldaketak (erliebe sekuentziala) aztertzen dituen geologiaren adarra da. Denbora geologikoan zehar, arroken zikloa edo geomorfologia sekuentziala existitzen da; hau da, arrokak meteorizatu, higatu eta higakinak (sedimentua) garraiatu eta beste leku batean metatu daitezke, ingurune fisiko horien forma aldaraziz eta beste arroka berri batzuk (kasu honetan sedimentarioak) sortuz. Gure eskualdeko lurrazalak ere, behin eta berriz aldatu du bere «azala», erliebeak zenbait metamorfosi pairatu baititu.
Meteorizazioa arrokak gero eta zati txikiagoetan apurtu eta sortu diren leku berean gelditzeari deritzo eta higadura arroka zati horiek beste leku batera garraiatzeari. Meteorizazio hori fisikoki eman daiteke; hau da, arrokek tenperatura aldaketa bortitzak jasaten dituztenean edo haizeak, urak (ibaiek, itsasoak, glaziarrek), grabitatearen eraginpeko prozesuek (harri-irristadurak, esaterako) edo bizidunek (landareen sustraiek, animaliek edo guk) eragindako apurketak ematen direnean. Meteorizazio kimikoa edo biokimikoa, ordea, arroken konposizioa aldarazten denean ematen da. Meteorizazio eta higadura prozesu hauei esker, geomorfologia mota desberdinak bereiz daitezke: eolikoa (haizearen eraginpekoa, batez ere basamortuetan edo landaretza gutxiko erliebean sortutakoa), kostaldekoa (itsasertzean olatuek, mareek edo ibai-bokaleek sortutakoa), ibaitarra (ibaiek sortutakoa), glaziarra (izotz glaziarrak sortutakoa) eta karstikoa (euri- urak batez ere kareharrien gainean sortutakoa). Geomorfologia dibertsitate handiko eremua da gure eskualdea. Paisaia geologiko horien jakimina baduzu, uda osteko testuei erne!l