Erratuta zaude
“Erratuta zaude», esan zion Goizanek Endikari. «Pentsatu ondo, erratuta baitzaude». Hori esatean buruan zituen lankideen presioa jasangaitza zelako eta bidaiatzen jarraitu nahi zuelako txertoa hartu zuten Lorea, Patrizia eta beste hainbeste pertsona. Azken finean, Lorea eta Patrizia ez zeuden Endika baino erratugabeago, baina txertoa jarrita zutenez, Goizanek ez zien euren «errakuntzaz» ezer esan behar. «Jokatu arduraz!», gehitu zuen Endikak bere bulegoko atea itxi baino une bat lehenago.
Endikak bere buruari galdetu zion Goizane arduraz jokatzen ote zegoen. Txertoa preskribitzeko eskatu zionean ildo horretatik zihoan, mediku bezala bere ardura onartzeko eskatzen zebilen Endika eta, pazientearentzat onuragarria den medikamentua sinadurapean emateaz. Baina Goizanek egoera honen ustezko konponbidean ardura zuten asko eta asko bezala, biztanleriarentzat erabakiak hartzen ari ziren horiek, alegia, biztanleria horri arduraz jokatzeko esatearekin ardura eurei egozten zien, egoeraren irakurketa sakona egiteko behar zuten informazioa eskaini gabe, egoeraz mintzatu eta egoera elkarrekin aztertzeko aukerarik eman gabe.
Elkarrekin aztertuko balituzte, txertoen inguruan adibidez Groucho Marxen ahotan entzun ahalko genukeen ondoriora helduko lirateke: «Txertatu gabekoak txertoa hartu behar dute txertatutakoak babesteko; izan ere, txertatutakoak ez daude babestuta txertatu gabekoak txertatutakoak babesteko jarri behar duten txertoarekin».
Eta hainbeste pertsonen egoera gogoratzen zuen Endikak. Suarena, adibidez. Berak zekizkien arrazoiak medio, txertoa hartzeaz beldurtuta zegoen. Haizearena, senarra ustezko gaitz berri honekin hil zena (edo ustezko gaitzaren aurrean jarri zioten tratamenduan) eta berak, aldiz, gaitza inongo sintomarik gabe pasa zuena. Edo Mirenena, gaitzaren sorrerarekin batera gure gobernuek debekatutako tratamendua hartzen dagoena, prebentiboki, eta bide batez behingoz kolesterola jaistea, artritisak eragindako minak desagertzea… lortu duena. Anerena, aurrekoak ez bezala, aho zabalez hitz egiten zuena eta ekintza kolektibo orotan bere diskurtsoan «erantzukizuna» hitza etengabe errepikatzen zuena gau giroan droga hartzeko edozeinekin turuta partekatzen zuen bitartean. Garazirena, zorionez arduraren afera hori oso landua zuena eta behin eta berriz medioetan, kalean, lanean entzuten zituenei lasaitasunez aurre egin ahal ziena. Edota Oierrena, bere 16 urterekin inoiz baino epaitu eta mugatuagoa sentitzen zena gizarteak ematen zizkion aukera urriekin.
«Nola errespetatu eta uztartu bizipen guzti hauek, zein baino zein berekoi eta aldi berean arduratsuagoak, aldi berean errealitate diren une honetan?», galdetzen zuen Endikak.