Erre zenituzten, baina bagara
Bestean Zugarramurdiko sorginen museo eta kobazuloa bisitatu nituen lagun batzuekin. Bi ordu inguruko bidaia egin ostean, kafea museo ondoko tabernan hartu, eta sorgin-etxe hartan sartu ginen. Lehen solairuan, sorginkeriak jasan zuen inkisizioaren pisuaz ikasi genuen, baita sorginkeria zertan zetzan ere. Bigarrenean, Euskal Herriko mitologiaren ingurukoak errepasatu, eta emakumeak gure kulturan izan duen indarraz irakurri genuen. Azkenengoan, artelan garaikideen erakusketa zegoen, besterik gabe.
Adierazgarriena lehen solairukoa begitandu zitzaidan; izan ere, egungo gizarteko jokabideekin edo ekintzekin lotu zitezkeen interpretazioetara bideratu ninduen –erratuta egon naiteke, noski–. Lagun arteko aisialdi-denborak drogez eta plazerez betetzen zituzten. Ez dut oso argi jainkosa, jainko, deabru edo zer gurtzen zuten, baina ez dut uste garrantzitsuena denik. Kontua da haien eremu segurua zutela, bakoitzaren tentsioak askatzeko. Ez zegoen epailerik, ezta epaiketarik ere. Beharbada, inbidiaz edo beldurrez josita, rave horietara gonbidatuta ez zeuden herrikideena bai. Inkisizioa agertutakoan, dena bukatu zen, ostera, jainkoaren izenean.
Ez zegoen epailerik, ezta epaiketarik ere […]. Inkisizioa agertutakoan, dena bukatu zen,
ostera, jainkoren izenean
Sorgin-ehiza horren adibide gaurkotuak zailak dira begirada bakar batez identifikatzea. Alabaina, bat identifikatzean, besteak atzetik datoz: (1) hezkuntzak umeen hazkuntza kognitiboa kimatzen du, gizartean lekua izateko –kapitalismoaren ustez, ume arrakastatsuak dira horiek, dirua ekoizteko arazorik emango ez dutenak–; (2) boteretsuen noranzko berdinean ez doazen ideiak eta adierazpenak zigortuta daude (Palestinako herria); (3) norbanakoen gaineko kontrola behar da, agintariei lasaitasuna emango dien ordena mantentzeko, edo behintzat haiek nahi dutena egiteko aukera gehiago izateko. Adibidez, Tapia legea: gure lurraldean proiektu publikoak edo pribatuak inposatzeko bermea ematen duen legea da, baldin eta «Interes publiko handiko proiektua» dela uste bada; hobeto esanda, goiko agintariek uste badute –ez dago inon zehaztuta zein ezaugarri izan izan behar duten proiektuek kategoria horretan sailkatzeko–. Urdaibai Guggenheimarena ikusita, ez dut uste zalantzarik dagoenik horren inguruan.
Beraz, gora sorgin izatera ausartzen direnak (1) hezkuntza eredu publiko on bat lortzeko, (2) aniztasunaren onurak gaitzak baino handiagoak direla bistaratzeko eta (3) demokrazian demos-ari (herria) dagokion pisua emateko. Ahaztu gabe, aurretik sorgin izan direnei esker garela eta izango garela sorgin.