Errefuxiatuen beste istorio bat
Ekainaren 20a errefuxiatuen nazio arteko eguna izan zen. Orain dela urte batzuk pasarte bitxi bat bizi izan genuen egun honetan Markina Xemeinen. 2019an manifestazio bat antolatu genuen gure herrian egiten den arma ekoizpena salatzeko. Herritarretatik aparte, kanpoko elkarte batzuetatik ere etorri ziren manifestaldira. Hauekin batera yemendar gazte batzuk zetozen. Yemendar haiek beraien herrialdea utzi behar izan zuten gerraren ondorioz. Beste askok bezala, mugak zeharkatu eta Europara bidea hartu zuten babes bila, beraien familia eta lagunak bertan utzita.
Manifestaldian arma lantegiaren aurretik igaro ginen. Ekoizpena salatu nahian, honen aurrean gelditu genuen martxa. Bertan ziren gurekin yemendarrak, etxetik milaka kilometrora, beraien familia eta lagunen gainean erortzen diren munizioak egiten diren lantokietako baten aurrean. Aurpegietan amorrua eta inpotentzia ikus zitekeen, lehen azaldu bezala Yemenen zituzten senide eta lagunak. Gogor egiten zuten oihu hormaren beste aldera produkzioa gelditzeko eskatuz, bazekiten hemen egindako bonbek etxean egiten dutela eztanda.
Ez da inoiz espero gerraren negozioaren zipriztinek etxeko atea jotzea, baina egun hartan horixe gertatu zen Markina-Xemeinen. Beti uste dugu errefuxiatuak guk sortzen edo kontrolatzen ez ditugun arazoen biktima direla, baina ez da halaxe. Hemengo arma enpresen ekoizpenak eta inpunitateak ondorioak ditu munduko beste leku batzuetan eta noizbehinka atea jotzen dute hauen biktimek. Ez da lehen aldia Markina-Xemeinek gerra zipriztinak jasotzen dituela.
Gero eta normalizatuago dago armagintza: Leopard Tankeak, Dronak, misilak, munizioa… egunero komunikabideetan. Defentsarako direla azaltzen digute, baina, zer defendatzeko? Zeinen interesak? Legala eta ondo ikusia den merkatu eta sistema baten ondorio dira errefuxiatuak, beste aukerarik gabe ihes egin behar izan dutenak.
Euskal Herrian egindako armamentua frontean erabiltzen da, baita herri eta hiriak erasotzeko ere, ez da ekoizten gordeta edukitzeko edo ez erabiltzeko. Arma ekoizpena geldiaraztea beharrezkoa da gerrekin bukatzeko, gizarte moduan erantzukizun ikaragarria daukagu, alferrik da errefuxiatuen alde azaltzea arazoaren jatorriak ulertzen ez baldin baditugu. Militarismoaren eta defentsa aurrekontuen gorakadak milioika familia behartuko ditu beraien etxeetatik alde egitera, eta ezin dugu ahaztu erabaki hori hartzera behartzen dituzten bonbak etxean egiten direla.