ESAIDAZU ESAN BARIK
Era horretako esamoldeak erabilten dira gaur egun gizarte sareetan, galdetzen danari erantzuna zuzenean emon beharrean, zeharka emoteko eskatzeko. Adibidez: «adierazi zenbat urte dituzun noiz jaio zinan esan barik», eta jentea jaio zan garaiko erreferentziak emoten hasten da: jaiotza urteko gertaera esanguratsuren bat, urtekide ospetsuren baten izena…
Ba niri holako antzeko gauza bat pasau jatan lehengo egunean, aitagaz berbetan, klima aldaketearen inguruan. Berbagai arruntetik abiatuta konturatu nintzan eguraldi kontuak zerenbeste aldatu diran hain denpora gitxian. Ohiko autuan genbilzan, otsaila izan arren etxe aurreko zuhaitza loran dagoela, Bilbo aldean kotxeak lore hautsez hori-hori eginda dagozala… Orduan etorri zan kontakizuna, «gure denporetan» esamoldeagaz batera, eta bere denporetako eguraldi gorabeherak kontetan hasi jatan, danak be 87 urteren barruan gertatutakoak.
Lehenago otsaila oso hotza izaten ei zan, baita aurreko hilabeteak be. Azarotik aurrera edurte handiak egoten ei ziran behe-behean be, egun eta asteetakoak. Hotzaren hotzaz edurra gogortu egiten zan, kostata ataraten ei zituen edurpetik ganaduarentzako naboak be. Edurra egiten ez ebanean be lei galantak botaten ei zituan neguko egunik gehienetan, landa guztiak zurituta eta Lea errekea bera be leku askotan kristala gainean eginda, baita lekurik zabal, sakon eta urtsuenetan be. Orduan kandeloiak etorri jatazan burura, inoiz txikitan baserrietako teilatuetik dindilizka ikusitakoak eta gaur egun ahaztutakoak. Baietz esan eustan, baserrietan kandeloi galantak egiten zirala teilatutik jausten zan ura gogortuta. Aulestiko handienak zein baserritan egoten ziran be esan eustan, itzelak eta luzaro egoten ziranak.
Nire buruko makinaria be martxan hasi zan orduan, eta gogoratu neban gure txikitako neguetan gaur egun baino askoz hotz handiagoa egiten ebala, edurra be tarteka marteka ikusten gendula, nahiz eta gure aitak esandako besteko edurterik ez daukadan gogoan, eta kandeloiak ikuskizun berezia izaten zirala, beherako bidean gogortutako uraren magia. Orduan konturatu nintzan zehazki adierazi barik klima aldaketeaz berbetan genbilazala, eguraldiak ez hain urte askotan izandako bilakaereaz…
Orain urte gitxi autuan hotz, lei eta edur kontuak erabilten ziran sasoian loratutako zuhaitzez, lore hautsez zikindutako bazterrez eta eguzki ordu nagusietan jentez betetako hondartzez berbetan genbilzala. Nahi deutsagun moduan deituko deutsagu, baina eguraldi kontuetan nabarmena da lehendik honako aldea eta nabarmenak izango dira segurutik ondorioak be. Beti esaten deuskue klima larrialdiaren inguruan zientzialariei entzutea eta kasu egitea ezinbestekoa dala, baina gehituko neuke geure nagusiei entzutea be guztiz garrantzitzua dala, zalantzan ipinten diran kontzeptuen gainetik errealidadea erakusten deuskuelako.