Esan beharrekoak
Deslaian gabiltzala izan daiteke, gure begirada non kokatu ja kin ezinik. Egutegiaren orriak udazkenarekin batera joan ziren, eta erlojuek orratzak galdu dituzte jada. Azkenaldian bizitza modu automatikoan jarrita bizitzera ohitu gara, sentimenduak itzaliz. Gutxieneko arreta jartzen dugu egunerokotasunean. Orainari garrantzia ematen diogu soilik gure plazerarekin loturarik badu, neguko eguzki izpiak aurpegian jotzean, kasu. Oso berekoiak bihurtu gara, begiak norberarentzako soilik ditugu, aurpegian ispilu bat itsatsita edukiko bagenu bezala. Inguruan suteak, bortxaketak, suizidioak… baina gure begiradek lurrean itsatsita jarraitzen dute, euria dakarren lainoa gainean dugun arte.
Egunero itotzen eta loa kentzen digun korapiloa askatzeak eta txukuntzeak beldurra ematen digu. Norbere ohe azpian begiratzeak are gehiago, zer egongo ote da? Porrotari beldurra diogu, eta inoren ahoan gure izena alde batetik bestera dantzan ibiltzeari ere bai. Gure pentsamenduekin solasean ibiltzeak izutzen gaitu, horregatik, sarritan, musikarekin isiltzen ditugu. Irratiarekin, telebistarekin edo beste edozerekin isilaraztea, itogin batean tirita bat jartzea bezala izango litzateke; momentuan konpondu dela dirudi, baina urak tantaka-tantaka putzua sortzen jarraitzen du.
Motxilaren pisuarekin hankak arrastaka daramatzagu, egunerokotasunean gertatutakoak gehitzen gabiltzalako. «Bihar hasiko naiz konpontzen» errepikatzen diogu gure buruari behin eta berriz, norbera engainatu nahian. Ez bihar, ez biharamun. Hurrengo batean dena konpontzeko asmoz, baina ohartu baino lehen, gainez egin digu guztia. Ohe azpiko mamuak gero eta handiagoak bilakatu dira. Munstro guztiak gure gainetik dabiltza orain. Nork sortu ote ditu munstro horiek? Kontraesana den arren, baina, gu gara gure munstro guztien sortzaileak, gure beldurren egileak.
Begirada orainaldian jartzea, sentimenduak martxan jartzea, aurpegian itsatsita daukagun ispilua gugandik urruntzea, itotzen gaituen korapiloa askatzea eta txukuntzea, motxila hustea… Gero eta zeregin gehiago ditugu, baina inork ez du honen inguruan hitz egiten. Badirudi hau guztia isilean sufritu behar dugula, ez baitago ondo ahultasunak elkarbanatzea. Izan daiteke motxila pisutsu batekin bidean aurrera egiten saiatzen garela, psikologoarengana joan ahal izatea luxu bat delako gaur egun?