ESKERRIK ASKO, HITZA!
Bi urte azkar pasatu dira. 2023ko urtarrilaren 26an argitaratu zenuten nire lehen zutabea: Elkar zainduz arriskutsuak gara. Zutabe hartan, 2023ari euskaraz alkar zaintzea eskatu nion, eta 2025ari ere berdina eskatzen diot.
2023ko martxoan ontologiari eta herri hezitzaileei bideratu nien begirada. Ikustea kostatzen bazaigu ere, egia bakarra ez da existitzen; bakoitzak egiaren ikuspegi propioa dauka. Oinherri bezalako ekimenen bitartez, asertibitatez eta enpatiaz, herri hezitzaileen sarea handitu beharko genuke, gutxienez batzuen egia absolutuaren jabetza kolokan jarriko duten herritarrak hezteko.
Osasuna eta euskara izan dira gehien landu ditudan gaiak. Hiru zutabe egin ditut gai horien inguruan: Kalitatezko arreta pazientearen hizkuntzan, Elebitasun desorekatua eta Hizkuntza eskakizunez haratago: historia klinikoa euskaraz. 2023ko maiatzean aitortu nuen momentu ezin hobea zela Osakidetzako osasun profesionalek azeleragailua zapaldu eta paziente euskaldunen historia klinikoa euskaraz idazten hasteko; bada, momentu hau ere paregabea iruditzen zait, osasun ituna ate joka dugula.
Era berean, pertsonalak diren gaiak lantzeko aukera ere eman didazue, eta oso eskertuta nago. Jose Zarate Aretxabala birraitonaren zutabeaz ari naiz. Zutabe hartan aipatutakoa berriro ekarri nahiko nuke honetara: «Nirea bezalako min pertsonalak gainditzeko eta Euskal Herrian elkarbizitza sendoa lortzeko memoria lantzea oso garrantzitsua dela».
Horrez gain, burujabetzari buruz aritzeko aukera ere eman didazue. Besteak beste, zaurgarrienak babesteko bizitzan hartu ditudan erabakiak aipatu nituen, edo Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitateko kide izatera animatzeko ere eskatu nuen. Eta zer izango da burujabetza 2050eko kafe-esnezko Euskal Herrian? Nola prestatuko gara? Lortuko al dugu Euskal Herri Euskalduna, edo herabe, mutu eta grabe jarraituko dugu?; sarri hitzik gabe, ta besteak jabe. Orekatik urrun jarraituko al dugu?
Jose Mugica erreferente garrantzitsua da niretzat. Berak horrela zioen: «No se puede construir un edificio socialista con albañiles capitalistas». Ezta jendarte euskalduna ere, HITZArik gabe. Eskerrik asko, Hitza!