Eskolara, zoriontsu izatera edo ikastera?
Aurreko batean esaldi hau entzun behar izan nuen: «Umeak eskolara ez datoz zoriontsu izatera, ikastera baizik». Ez dakit zuek, baina nik, lotura zuzena ikusten dut zoriontasunaren eta ikaskuntzaren artean –eta ikaskuntza ez diren hainbat gauzen artean ere, nola ez–. Izan ere, irakasleon eginkizunetako bat da ikasleek ikasteko nahia izaten jarraitzea eta hori horrela lor daiteke soilik, poztasunaren eskutik. Horrela, ikasi duten horrekiko plazerra sentituko dute, eta baliteke eskolatik kanpo jarduera horiek egiten jarraitzea, ikasketa berriak eskuratuz.
Halaber, ikaskuntza bat beldurrarekin edota poztasunarekin lor daiteke, baina alaitasunarekin ikasitako horrek luzaroago irauten du beldurrarekin ikasten den horrek baino. Horretarako, umeen poztasuna lortzeko, hauei galdera gehiago egin behar zaizkie, eta beraien interes eta beharren inguruan, eskola eraiki. Halatan, bakoitzaren ikasgelako antolamendu, kudeaketa eta dinamikatik has gaitezke, irakasle zein ikasleek horretan parte hartuz, denok batera. Irakasleak «umetu» egin behar dira, hau da, ikasleen azalean jarri, guztioi gustatzen zaigulako entzunak, maitatuak eta baliagarriak izatea.
Esan bezala, ahazten den prozesuetako bat ikasleen parte hartzea da, entzunak izateko beraien beharra. Gakoa ikasleak garrantzitsu sentitzea da, hauei protagonismoa ematea, enpatia eta errespetua oinarri izanik. Orduan, erabakiak umeak kontuan izanda hartu behar dira, helduen ikuspuntutik hartu beharrean. Horregatik, irakaslea ez da izan behar jakituriak transmititzen dituen profesionala, ikasleek ikasteko giro aproposak ahalbidetzen dituena baizik. Bidelaguna da, eskolaren bidean ikasleari laguntzen diona. Eta ikaskuntza prozesu horretan irakasleak ere aktiboki parte hartu beharko luke, gelako dinamikan bat gehiago izanik, ikasleen altueran jarriz eta hauei begietara begiratuz.
Beraz, irakasleak ikasleak ikertzera gonbidatu behar ditu, parte hartzera, bideak zabaltzera. Ikasleek ikerketak egin ondoren beraien ondorio propioak ateratzera, gai izateko informazioa eskuratu eta kontrastatzeko. Horrela, pertsona kritikoak izatera helduko dira, zoriontsuak, beraien ikaskuntza zein bizimodua esanguratsuagoa izanik.
Ondorioz, ikasleak bizitzarako hezi behar ditugu, eta ez ingelesa, euskara edota matematikak jakiteko. Ume batek zerbait ikasitakoan, ikaskuntza hori bizitzan zertarako erabiliko duen galdetu beharko litzaioke. Zalantzarik gabe, erabaki gehienak emozioan oinarrituz hartzen ditugu. Hortaz, gizartean parte hartzerakoan, zoriontasunez jardutea ezinbestekoa da. Ikasleen gogo aldartea positiboa bada, gehiago parte hartuko dute, eta hobeto. Gainera, horri esker, bere ingurukoak ere zoriontasun eta jokabide horretaz kutsa daitezke, beraiengan positiboki eraginez.
Horrenbestez, eskolan –eta hortik kanpo– eskuratu beharreko lehenengo «jakituria» zoriontasuna da, horri jarraipena emanez. Era berean, hortik abiatuta, konpetentzien garapena eta ikasleen garapen integrala sustatzea nahitaezkoa da, beti ere argi izanik zertarako egiten dugun bata edo bestea. Baina, ziur, zoriontasuna lortzen badugu, aukera gehiago izango ditugula nahi dugun horretara heltzeko.