Inoiz inori entzun diot,berak ez duela inoiz huts egin bere bizitzan. Handiuste galanta deritzot horrela pentsatzen duena. Nahiz eta ahalegin guztiak egin,denok egiten ditugu hutsak. Ez dago inor dena ondo egiten duenik, ez da gutxiagorik ere. Beti gelditzen da hobeto egiteko tartea, aukera. Egunero lan desberdinak egitea tokatzen zaigu, eta denetan ikasiak, jakitunak, adituak izatea ezinezkoa da. Eta ustez, adituak, ikasiak, jakitunak garen lanetan ere perfektuak izatetik urruti gaude. Batzuk beste batzuk baino hobeto egingo dituzte lanak, baina gizaki bezela mugatuak garenez, beti gelditzen da hoberako tartea. Zenbateraino dan hobetzeko tarte hori ez dakigu.
Garai hauetan dena aldatu da. Lehen ez modura, gaur egun, dena edo ia dena zalantzan jartzen da. Bizitzaren ikuspegia asko zabaldu da
Kirol mailan, hor dago eztabaida errekorrak, marka berriak lortzen direnean. Noiz arte jarraituko dute markak hobetzen? Kronometroek gero eta denbora estuagoak neurtzeko gaitasuna duten bitartean hobekuntzak ezagutzen joango gara. Kronometroarekin lotuta dagozen kiroletatik aparte, hor daukagu futbola, kirolen artean jarraitzaile gehien dituena; kirol arloan «erregea». Mobitzen duen diruari begiratzen badiogu, hala da. Eta ondorioz, ogibide honi baino erabateko ardura, arreta jartzen den lanbiderik aurkitzea zaila da. Txiki-txikitatik lan horretara burubelarri jarduten dute, eta hala eta guztiz ere, zenbat akats, zenbat huts ikusten ditugu partida bakoitzean. Akats gutxien egiten dituen taldeak irabazten du. Egia da akats gehienak aurkariaren eraginez izaten direla. Baina arrazoiak arrazoi, gizakiaren hutsegiteak adierazteko balio du, nahiz eta jokalariek urte askotan horretarako prestaketa berezia izan. Futbola, azken baten, kirol bat da eta ematen diogun garrantzia dauka.
Baina gizakiak baditu garrantzi handiagoko beste lanak, saihestezinak direnak, eta ikasketa berezirik egin gabe egiten dituenak. Eta horietako bat semeen heziketa da. Guraso izatea benetan zaila da. Behar bada, inoiz baino zailagoa. Horretan denok bat etorriko gara, nahiz eta behin gai honetaz hitzegiten hasi eta berehala ama gazte batek honako erantzunakin moztu zuen hizketaldia : «guk badakigu». Benetan, harrigarria. Sasoi baten gurasoek bere pentsakera semeengana transmititzea samurragoa zen. Beraien ideiak (zuzenak edo okerrak) finkoagoak, egonkorragoak, zalantza gutxiagokoak ziren. Ez zuten buruauste gehiegirik bere gurasoengandik jasotakoa semeei pasatzeko. Ideia horien artean erlijioak indar handia, leku handia betetzen zuen. Gizakia eta gizartea ideia horietan oinarritzen ziren gehienbat.
Mundu guztiko informazioa etxe barrura, bakoitzaren poltsikora heltzen da eguneko 24 orduetan. Mugagabeko eta kontrol gabeko informazioa daukagu
Garai hauetan dena aldatu da. Erlijioak ia ez du eraginik gizartean. Gaur egun, dena edo ia dena zalantzan jartzen da. Bizitzaren ikuspegia asko zabaldu da. Mundu guztiko informazioa etxe barrura, bakoitzaren poltsikora heltzen da eguneko 24 orduetan. Mugagabeko eta kontrol gabeko informazioa daukagunez, zaila egiten zaie gurasoei nondik nora jo, zein ideiak diren baliotsuenak jakin eta horiek transmititzea. Baina nahiz eta gurasoek ondo egin euren lana, ez dago euren eskuetan nahiko kontrol beraien asmoak betetzeko. Gurasoez gain, beste infomazio asko bereganatzen dute haurrek. Gurasoen zalantzei, irakasleen zalantzak gehitu behar zaizkie. Denak eredu faltan dagoz. Krisia sakona da.Bitartean,gazteria bere bidea, sarritan okerra egiten ari da.
Guraso asko ere ez daude gustura, ez daude ados bere seme-alaben bizimoduaz. Ezintasunez ikusten dute euren burua nahiko luketen heziketa emateko.
Irakasleak ere berdin dabiltza, ezjakinean nondik nora jo, ikasgelako disziplina ere ezarri ezinik. Beste aldetik, guraso eta irakasleen artean ere ez dabiltza oso koordinatuta. Bilerak bai, bilerak eta gogoak ez dira falta, baina gizartearen eredu faltak bakoitza bere aldetik ibiltzea dakarrela dirudi. Eta gorabera horretan,gurasoak beti bere semeen alde agertzen dira eta horrek irakasleen agintea, autoritatea, ospe-galtzea edo gutxitzea dakar. Ikasleak horren jabe dira, eta ikusiz gurasoen babesa dutela, irakasleen lan baldintzak asko oztopatzen, zailtzen dituzte. Horrela daramagu urte asko, eta oraingoz, ez da ikusten irteerarik. Bitartean, gaztetxoak ia nahi dutena egiten dute. Helduen artetik kritika asko jasotzen dituzte, baina nolabaiteko etsipena dagoela dirudi, inolako konponbiderik izango ez balu bezela. Hola ote?
Ez dakit, zehaski, nola dabiltzan Europako beste lurraldeetan. Beharbada antzeko arazoak izango dituzte. Gaur egun, globalizazioak, mundualizazioak arlo guztietan dauka eragina.Baina desberdintasun batzuk begi bistakoak dira. Frantziako haurren heziketa leunagoa, finagoa dela entzun dugu bizi guztian, eta horrela dela ematen du, gurasoek beraien seme-alabekin duten harremanei gainetik behatuz, begiratuz. Adibide bat besterik ez da, baina beraien herrien txukuntasuna, garbitasuna kontuan hartzen badugu, itxura bakarrik baino heziketa desberdin baten adierazgarri dela dirudi.