Esteban Irusta Mallea: 'Baikortasuna'
Bizitzaren aurrean bi bide desberdin aukera daitezke: baikorra eta ezkorra. Nahita edo nahi gabe, pertsona bakoitzak bide bat edo bestea hartzen du. Ez dakit baikorrak edo ezkorrak diren komunikabideetan lan egiten dutenak. Denetarik egongo da, zalantzarik gabe. Baina hainbeste berriren artean zeintzuk aukeratu jendaurrean azaltzeko? Zerikusi handia izango du ardura hori dutenen nortasunak. Munduan zehar, egunero, era guztietako gertaerak daude. Aukeraketa ez da samurra. Ardura handi da lan hori egiten dutenentzat.
Gaurko komunikabideak munduko toki guztietan gertatzen diren berriak jasotzen dituzte. Batzuk oso gogorrak, ezkorrak, eta beste batzuk, oso baikorrak, oso alaiak, atseginak. Espainiako 36ko gerraren ondoren, 1952an agertu zen El Caso izeneko astekaria. Horretan gertaera gogorrenak, berezienak azaltzen ziren; beste astekarietan eta egunkarietan agertzen ez zirenak eta bere irakurleak, askotan, isilpean irakurtzen zutena.
Gaur egun ez da behar El Caso bezelako astekaririk. Edozein egunkarik, edozein komunikabidek azaltzen du, behin eta berriz gainera, asperarazi arte, gertatzen diren kasu guztiak. Adierazpen-askatasunaren izenean, gertatzen den guztia ematen zaigu komunikabide guztietan, eta gertaera bera, mila aldiz entzutea edo ikustea tokatzen zaigu.
Helduontzat, gogorregiak, ezatseginak, direnak ume eta gazteengan zein eragin duten jakitea interesgarria izango litzateke. Nagusioi ikusteko eta ez entzuteko gogoa ematen digute. Horrelako egoeretan, bakoitzaren ezkortasunak edo baikortasunak ez dauka zerikusirik. Beste interesak daude tartean, eta horien arabera zabaltzen dira eguneroko berriak. Ikus-entzuleengan eragin handia dute, zalantzarik gabe, baina gure eguneroko bizitzan gutako bakoitzak ere, gure portaeragaz eragin dezakegu inguruan bizi diren pertsonengan. Eta bakoitzeren baikortasunak edo ezkortasunak eginkizun handia du.
Ezkorrak edo baikorrak izateko arrazoiak ez dira falta. Bakoitzaren izaerak eta inguruak zeresan handia du. Neurri handi baten, gure eskuetan dago bide bat edo bestea hartzea.
Zein bide den egokiena inork ez du zalantzan jartzen. Baikor izatea inguru eta toki askotan ez da samurra. Kasu batzuetan desegokia ere izan daiteke. Baina oro har, abantaila asko ditu. Ezkortasunak, hitzak berak adierazten duen bezala, ez du laguntzen geure izaera onena kanporatzen. Askotan, bakoitzak dituen baloreak baliogabetzen ditu. Jakintsuen esanetan, dauzkagun ahalmenetik %8 bakarrik erabiltzen dugu. Beti esan da, eta egiaztatuta dago arlo guztietan, moralak, adoreak, kemenak duen eragina. Kirol mailan eguneroko esamesetan azaltzen da moralak duen eragina taldearen edo kirolari baten emaitzetan. Eta kirolarien artean gertatzen dena, gure bakoitzeko bizitzan gertatzen da. Bizitza bera ere, neurri baten, txapelketa bat da; txapelketa berezia, baina kirolekoa baino garrantzitsuagoa. Baikortasunak funtsezko eragina du dauzkagun baliabideak erabiltzeko, praktikan jartzeko, gizartearen mesedetan. Ez dugu pertsonaia ospetsu askok, historian zehar, izan duten eraginik izango. Baina ezin dugu gutxietsi gutako bakoitzak ahal duena. Neurri baten, denok gara irakasle, denok gara maisu,eta aldi berean, denok gara ikasle. Beti gabiltza ikasten eta irakasten. Konturatu gabe, beharbada, lan bikoitz hori egiten ari gara, gure inguruan sortzen ari den giroan. Askotan kritikatzen dugu (sarritan arrazoiz) gure agintariek, politikariek, irakasleek egiten duten lana. Baina, beti esan izan da, Herri bakoitzak merezi dituen agintariak dituela. Hau da, gutako bakoitzak ere baduela erantzukizun handi bat beraiek egiten duten lanetan.