Esteban Irusta Mallea: Egiak» eztabaidan
Irakurle batzuei «dogma» hitza ezezaguna egingo zaie, behar bada. Hitz hau eliza arlotik kanpo ez da oso ezaguna, eta ondorioz gutxi erabilia. Bere esanahia nagusia, bai eliza mailan, bai zientzia mailan, hauxe da: Eztabaida(tu) ezin den « Egia»; onartu beharreko «Egia». Sinesdunen munduan, elizaren agintari nagusia den Aita Santuak, tarteka, hotsandiz, handikiro, azaltzen du eliztarrek sinistu behar duten «egia». Zientzia munduan, zientzilariek ikerketen bidez, ondorio batzuetara iristen dira, eta jende aurrean azaltzen dute lortutako «egia». Aurkikuntza zientifiko horiek «egi» izaten dira denbora baten, ikerketa berriek ezeztu arte. Denoi aski ezaguna egiten zaigu arrain urdinaren kasua. Kolesterol altua zutenentzat txarra omen zen; hori esaten zuten sendagileek. Urte asko pasa ondoren berriz,bera omen da hoberena. Denboran oso atzera eginez, entzutetsua egin zen Nikolas Koperniko apezak (1473-1543) eta Galileo Galileik (1564-1642) elizako agintariekin izan zuten eztabaida unibertsoari buruz. Garai haietan, bi «egi», bi teori zeuden: Bata, elizako agintariek, Tolomeoren denboratik, 1500 urtez defenditzen zuen geozentrismoa. Hau da: Lurra zela unibertsoaren erdigunea edo zentroa. Eta bestea, Kopernikok lehenengo, eta Galileok geroago, defenditzen zuen heliozentrismoa. Hau da: Eguzkia zela unibertsoaren erdigunea. Kopernikok eta Galileok aurrerapauso handia eman zuten, baina gaurko aurrerapenetik oso urruti zeuden.
«Dogmak», «egi» usteak, ez dira lehenagoko kontuak bakarrik. Gaur egun ere denok ezagutzen ditugu pertsonak egiaren jabe sentitzen direnak; beraien iritziak beti nagusitu behar izaten direnak. Horrelako pertsonak ez dira oso atseginak izaten elkarbizitzarako. Eta zientzia mailan, agintea «ziurtasunez» beteriko pertsonen eskuetan dagoenean,erabakiak hartzeko unean, arriskutsu bihurtu daitezke.
Euskal Herrian ezagutzen ditugu kasu penagarri batzuk. Hor daukagu Iruña Veleiaren eztabaida. Gasteiztik 10 bat kilometrotara aurkitzen zen hiri honen aztarnak, sekulako interesa sortu zuten Euskal Herriko zientzia munduko jendearen artean. Erromatarren denborakoak dira. Eta bertan agertzen diren euskarazko hitzak eta esaldiak egiaztatu ezkero,euskara idatziaren zaharrenak izango lirateke. Eta ondorioz orain arteko teoriak, euskara idatziaren kronologiari buruz, baliogabetuta geldituko lirateke. Urteetan, Eliseo Gilek eta Idoia Filloy-k zuzendutako hikerkeka hauek ezerezean uzten dituzte orain arte irakatsitako «egiak»; eta Joakin Gorrotxategik eta Joseba Lakarra katedradunek, besteak beste, ez dituzte onartzen. Baina beste zientzilari asko ez daude konforme hartutako erabakiekin, eta ikerketa lanak egiteko kanpoko arkeologoak egitea eskatzen dute. Eztabaida oso luze doa. Hemengo eta Espainiako filologoak politikaz kutsaturik dauden susmoa ere ez da falta. Eta erabaki okerrak hartzen ote ari diren beldurra, ere ez. Oraingoz disparate bat, galanta bera, egina dago arduradun berrien eskutik: Indusmakina sartu eta aztarna asko ondatu dituzte. Une honetan, Iruña Veleia aztarnategia arrisku handian dago. Askok gogora ekarri dute Santillana del Maren dagoen Altamirako koba famatuarekin gertatu zena. Marzelino Sanz de Sautuolak aurkitu zituen pinturak, faltsutzat, ezinezkotzat, jo zituzten garaiko zientzilari ospetsuenek. Eta orduko jakindurian oinarrituz, marrazkien faltsukeriaz ez zuten zalantza izpirik ere; barregarritzat jo zituzten. Marzelino Sanz aurkitzailea gezurtitzat hartu zuten bere bizitza guztian. Bera hil eta urte batzuetara etorri zen onarpena eta bere alabari eskatu zioten barkamena. Aitak ez zuen sorte hori izan, eta fama txarra berarekin zuela joan zan beste mundura. Historiak bira asko ematen ditu eta erruak ere behin eta berriz birak ematen dituela ikusten ari gara. Penagarria da Eliseo Gil eta Idoia Filloy-ekin gertatzen ari dena. Beraien izena gutxietsita gelditu da une honetan, eta etorkizuna zalantzan. Hemen eta kasu guztietan, oinarrizko hutsunea, zientzia arloan gailurrera iritsi garela pentsatzea da. Zientzilari askori J.M. Barandiaran handiaren apaltasuna ez litzaieke gaizki etorriko. Apaltasuna dela eta, Bittor Kapanaga Otxandiotarra jakintsuak, bere Euskera erro eta gara liburu interesgarrian kontatzen du J.M.Barandiarekin izandako gertaera, elkarrizketa labur baten bidez. Ataungo bere etxe aurrean zeuden frutarbolei begira. Tartean sagarrondo bat uztaz gainezka zegoen, adarrak makur-makur eginda. Eta Joxemielek esaten dio: «Ikusten dok hori? Ez dauka arrokeririk batere. Umil-umila da. Holakoxia izan biok.