Esteban Irusta Mallea: 'Gehiegikeriak'
Neurritasuna gainditzen duten jokabide asko dira gure artean. Gehiegikeriak, modu batekoak edo bestekoak, denok egiten ditugu. Batzuk arinak eta sarriago egiten direnak, eta beste batzuk larriagoak. Era batekoak eta bestekoak zeintzuk diren, bakoitzaren arabera izaten da.
Gehiegikeri arin batetik hasi eta gero larria izatera pasatzen direnak ez dira gutxi izaten. Hasiera baten, neurriz kanpo jateak eta edateak, edo zigarroa erretzeak ez du ematen garrantzi handia duenik. Une baten, herriko jaiak direla eta, droga bat edo bestea probatzeak ere ez. Oso sakonki sartuta dago, jaietan neurrigabeko portaerak izan behar direla-eta horretara ia-ia behartuak sentitzen direnak. Baina jaiak izan edo ez izan, inozo hasi eta ohitura bihurtzen dira kasu askotan, bizitza guztirako menpekotasuna sortuz. Horietako portaera batzuk herri askoren tradizioa izatera pasatzen dira, eta orduan ia zuzendu ezinezko ohiturak bilakatzen dira.
Gehiegikeri hauen ondorioak zuzen edo zeharka, denok pairatzen eta jasaten ditugu. Lehenengo pairatzaile zuzenak menpekotasun horietan eroritakoak dira. Bere osasunarekin arazoak izaten dituzte, eta beraien bizi-mailak muga nabarmenak.
Gau guztia kalez kale, hobeto esanda, tabernaz taberna ibiltzea gehiegikeria dirudi, nahiz eta azken urte luze hauetan normaltzat hartuta dagoen, ohitura bilakatuz
Baina arazoak ez dira beraienak bakarrik izaten; arazoak familiara igarotzen dira, eta etxe barruko giroa, senar-emazte, guraso eta seme-alaben artekoa asko hondatu daiteke. Pertsona bakoitzeko eta familietako arazoez kanpo, gehiegikeria batzuk beste askorengan, gizarte osoarengan eragina izan ditzakete, eta hala dela erakusten digute irakurri eta entzuten ari garen auto eta autobus istripuetan, gidariak alkohola edo beste drogaren bat hartu duela-eta positibo eman izana.
Lan-istripu askoren iturburua ere gehiegikeri horietan egon daiteke, eta ez beti lanerako baliabide-eskasietan. Kasu hauek erakusten digute, gaztetan edo beste une batean hasten diren neurrigabekeri batzuk, ezin direla arinki hartu gaztetasunaren edo askatasunaren izenean oinarrituz.
Pertsona helduentzat gehiegikeri askoren sorburua asteburuko eta jaietako gauetan dago. Horrela izan edo ez, gau horietako ordutegia bera, besterik gabe, gehiegikeria da. Gau guztia kalez kale, hobeto esanda, tabernaz taberna ibiltzea gehiegikeria dirudi, nahiz eta azken urte luze hauetan normaltzat hartuta dagoen, ohitura bilakatuz. Jaiotzatik ohitura hori ezagutu dutenentzat, guztiz normala da. Ez hainbeste helduentzat; euren gazte denborako ohiturekin parekatuz, ez dute normaltzat hartzen.
Asteburuko eta herrietako jaiei, bertako auzoetan ospatzen direnak gehitu behar zaizkie. Neurrigabeko ordutegiari, jasanezinezko, eramanezinezko zarata gehitzen zaie. Hori dela eta, askok herritik kanpora joatea erabakitzen dute, bake bila. Kasu askotan, egunez ez da jai usainik egoten. Gauak lekua hartu dio egunari, eta ekintza erakargarrienak, interesgarrienak gauez ospatzen direla dirudi. Pertsona helduek ez dagoz ados beraientzat berriak diren ohitura hauekin, eta etsipenez onartzen dituzte.
Irrati kate bateko programa baten egiten duten elkarrizketa bakoitzean, galdera bat hau izaten da: Zein maite duten gehiago, eguna edo gaua. Eta denek beti, eguna aukeratzen dute. Garbi dago, elkarrizketatuak ez direla gaztetxoak. Dena den, normaltasuna ez dago modan.
Zentzutasunezko jokaerak ez dio inori arreta sortzen. Telebistako albistegietan ematen dizkiguten berri gehienak ez dira oso goxoak izaten. Portaera anormalek normalek baino toki gehiago betetzen dute. Morboak indar handia du gure gizartean. Sasoi baten, bazen egunkari edo aldizkari bat kasu bereziak, sentiberak zirenak azaltzen zituena, eta erdi ezkutuan irakurtzen zena. Gaur egun egunkari guztiak horrelako kasu gogorrak,l uze eta zabal ematen dituzte inolako kezkarik gabe. Adierazpen askatasunaren izenean, informazio larrienak ere, behin eta berriz, denen begibistan azaltzen dira.