Esteban Irusta Mallea: 'Humboldt anaiak'
Wilhelm(1767-1835) eta Alexander (1769-1859) von Humboldt anaiak Alemaian, orduko Prusia izeneko estatuan jaio ziren. Bata zein bestea oso, ospetsuak. Garai hartako maila intelektual handienetako pertsonaiak izan ziren, eta beraien ikerlanak, oraindik ere, ezinbesteko erreferentzia dira.
Wilhelm, poeta, literatur kritikoa, politikoa, eta batez ere hizkuntzalaria izan zen. Politikari bezela maila handieneko lanak egin zituen. Prusiako ordezkari gisa Napoleonen gerren amaiera ekarri zuten itunetan esku hartu zuen, hala nola, Vienako kongresuan, 1815ean, Napoleon menperatu ondoren. Eta Prusiako enbaxadore ere izan zenErroman, Vienan eta Londresen. Baina, politika alde batera utzita, hizkuntzen ikerketari ekin zion. 200 bat hizkuntza ezagutzen zituen, euskara bere kuttunenetakoa zuelarik. 1799an, Madrilera bidean Euskal Herria lehen aldiz zeharkatu zuen, eta 1801an lehen bidaia horretan sorrarazitako jakin mina ase ahal izan zuen. Eta gure herrian zehar hara eta hona ibili zen, hizkuntzaz, kulturaz, paisaiaz, ohiturez, erakundeez ohar ugari hartuz. Haien ondorioz idatzi zuen hizkuntza askotara itzulitako Euskaldunak liburua, Miguel Unamunok gazteleratu zuena. Bertan adierazten du euskara Europako hizkuntza zaharrena dela, eta beste hizkuntzen jatorrian euskara ageri dela. Hizkuntzen egiturari garrantzi handia eman zion, eta bere ustez, munduaren eta biziaren aurrean daukagun pentsakeran eragin berezia du.
Bere garaiko hizkuntzalariekin harreman estua izan zuen; Alemanian Goethe eta Schillerrekin, eta Euskal Herrian Juan Antonio Mogel, Pablo Pedro Astarloa eta Prestamerorekin. Alemaniako hezkuntza sistema diseinatu eta Berlinenm bere izena daraman unibertsitatea sortu eta lehenengo Errektore izan zen. Hemen, euskal hizkuntzalaritzari sekulako bultzada eman zion.
Wilhelm zientzilari hain garrantzitsua izan bazen, Alexander, beste anaia, ez zen atzean gelditu. Beharbada Wilhelm-ek baino ospe handiagoa izan zuen. Zientzia munduan arlo askotan nabarmendu zen, baina gehien bat, natura ikertu zuen. Horretarako, lehendabizi Europara bidaiatu zuen, gero Hego Ameriketara, eta azkenik Errusiara. Milaka landaraz gain, ondokoak ere aztertu zituen: harrokak, animaliak, fenomeno atmosferikoak, isobarak, sumendiak, ur korronteak eta abar. Garaiko zientifikoak berarekin harremanetan zeuden, eta jarraitzaile asko izan zituen. Tartean Charles Darwin, Goethe, Henry David Thoreau, George Perkins Marsh, Ernst Haeckel, John Muir eta beste asko.
Politika Thomas Jefferson Estatu Batuetako hirugarren presidentea eta Simon Bolivar. Jefferson Humboldten mapa geografikoaz baliatu zen hainbat lurraldez jabetzeko. Eta Simon Bolivarrengan eragin handia izan zuen Espainiarengandik askatzeko hartu zuen erabakian.
Humboldt oso kritiko agertu zen espainol konkistatzaileen aurka; oso haserre zegoen neurrigabeko diru-goseaz, ondasun-goseaz kaltetzen zutelako natura, eta harrigarria bada ere, aurreikusi egin zuen portaera horrek ekarriko zituen ondorioak; 250 urte lehenago aurreikusi zuen gaur egun hainbeste hitzegiten den klima aldaketa.
Beste alde batetik, gogor kritikatu zuen Amerika guztian erabili zuten esklabutza. Gizon aparta izan zen. Bere izena daraman mendi, mendikate, glaziar, itsasadar, parke, kale, hiriak… asko dira munduan zehar. Hainbat landare, animali, bere izenarekin ezagutzen dira, eta ilargian ere badago bere izena daraman toki bat.
Liburu asko idatzi zituen naturari buruz, eta bere bizitzaz gehiago jakin nahi duenentzat, Andrea Wulf-ek idatzi berri duen liburu hau irakurtzea merezi du: La invencion de la naturaleza: El Nuevo Mundo de Alexander Humboldt.