Esteban Irusta Mallea: 'Ikastolen sorrera'
Ikastolara doazen gaurko umeak ezer gutxi jakingo dute noiz eta nola izan ziren ikastolen hasierak. Debeku luze,oso luze eta gogor batetik gentozen. Noiztik? Gehienek uste dutena baino denbora luzeagoatik. Besteak beste,hor agertzen dira Jackes Belakoa apeza (1586-1667) bere euskal gramatikaz, (borroken ondorioz galdua)eta Athanase Belapeyre hau ere apeza. Honek 1696en euskarazko eskolak irekitzeko agindua eman zuen eta indarrez debekatu zioten. Geroxeago, XVIII mendean, Borboi frantsez dinastiako erregeek agintzen hasi zirenean, politika zentralista indartu zuten. Beraien gogoa garbi agertzen da esaera honetan: «Fueroak kentzea ez da nahikoa;hizkuntza ere kendu behar diegu». Denbora luze horietan euskara debekatua eta zigortua izan zen. Dokumentutan horrela agertzen da, bai Iparraldean, bai Hegoaldean.
Euskara-zuhaitzaren fruitua oso heldua zegoen, ia usteltzen hasia, desagertzeko arrisku handian. Hainbeste urtetan bizirik irautea harrigarria zen. Geure bizitza laburrean ikusten ari ginen nola desagertzen ari zela lurraldez lurralde, gero eta eremu mugatuagoetara. Gure aurrekoek gauza bera gertatzen ari zela ikusi zuten. Eta haien aurrekoek ere bai. Noiz hasi zen beherakada? Eta non zeuden euskararen mugak beherakada hasi aurretik? Gai interesgarria mundu zail horretan sartu nahiko luketenentzat.
Geuk, euskaldunok, hartu behar ditugu honelako lanak, zeren beste inori ez zaio hainbeste interesatuko. Eta interesik ez dagoenean, eta okerrago, interesak kontrakoak direnean, ia ezinezkoa da lan on bat egitea. Hor agertu zan EITBren dokumental bat euskera eta euskaldunen historiari buruz, azkenengo hitza izango balitz bezela. Benetan penagarria. EITBk ezin du alde bateko iritziak aurkeztu, aurretik propaganda eginez, eta beste aldekoak baztertu edo ixildu. Zergatik ez ditu beste aldekoak aurkezten? Zoritxarrez, euskal gaiak negatiboak direnean, bizkor agertzen dira jendaurrean, solemnitate guztiarekin, baina positiboak baldin badira, baztertuak izaten direla ikustera ohituta gaude.
Batzuen interesak defenditzeko azpijoko bat egiten ari direla ematen du. Eskerrak ikastolen sorreran,denok norabide berdinean arraundu genuela.
Baztertua ez,hilzorian zegoen euskera,eta geure eskuetan hartu ez bagenuen,denbora gutxi barru hilik izango zen, zeraman martxa ikusita. Eta hil edo biziko erabakia hartu zen: ikastolak sortzea. Inoiz hartu den erabaki garrantzitsuena euskararen alde. Ez zen erabaki samurra izan; Francoren Espainiak ez zuen onartzen euskarazko eskolik. Legedi guztia kontra zegoen. Diktadura baten menpean geunden. Nondik eta nola hasi? Kolore guztietako abertzaleek hartu zuten parte, batez ere haurren gurasoek, irakasleek eta laguntzaileek. Lanerako gogoa sobera zegoen, baina nola gainditu kontrako legedia? Elizak orduan, gaur baino eragin handiago zeukan,eta bere eskolak sortzeko eskubidea zeukanez, bere izenean sortu ziren ikastola asko. Horrela, legea betez, traba garrantzitsuena gaindituta zegoen. Baina beste oztopo asko zeuden bidean: lokalak behar ziren eta horrek diru asko eskatzen zuen.
Beste aldetik, gaiak euskaraz ikasteko liburuak, eta euskaldun irakasle prestatuak behar ziren. Baina gutxinaka-gutxinaka, urtez urte, aurrera egin zen. Herri oso bat martxan jartzen denean, ezina dirudiena posible gertatzen da. Eta horrela izan zen.
Lehenengo ikastolak 1950-1960 urtetan agertu ziren.Eta hurrengo hamarkadetan, herri gehienetan, sendotzen joan ziren,gaurko egoera osasuntsu, guztiz normala lortu arte. Zoritxarrez, Nafarroan eta, batez er Iparraldean, egoera ez da ona. Une honetan, Nafarroako Gobernu berriaren politika-aldaketaz bidea samurragoa egingo dela ez da zalantzan jartzen. Ulertezina bait zen Nafarroan gertatzen ari zena: bertako Gobernuak bere etxeko hizkuntza gorrotatzea.
Ziur gaude,egoera berriarekin poliki-poliki, normaltasuna nagusituko dela, eta euskararen presentzia lurralde guztira zabalduko dela.
Iparraldeko egoera okerragoa da. Ez dago bertako agintarien eskuetan erabakiak hartzea. Parisko Gobernuak, aspaldiko legeak ezarriz, ez du onartzen ofizialki, frantsesa ez den beste hizkuntzarik. 1789ko Iraultza famatuaren ondoren, «Askatasuna», «Berdintasuna» eta «Anaitasuna»-ren izenean, zentralismo ankerra, krudela, sortuz, euskal eskola hasiberriak eta argitalpen guztiak debekatuak izan ziren; eta milaka euskaldun gogor zigortuz, Landetara atzerriratu zituzten. Une honetan ere, egoera nahikoa beltza da, baina garai baten, Hegoaldean ere, egoera berdina ezagutu genuen, eta hemen posible izan dena Iparraldean ere hala izatea espero dugu.